Laguntza Psikosozialerako Erreferentzia Zentroak (PS Zentroa), Refugedeko bazkideak, elkarte nazionalekin, erakunde akademikoekin, emaileekin eta nazioarteko erakunde humanitarioekin batera lan egiten du ezbeharrak jotako pertsonen osasun mentala eta ongizate psikosoziala sustatzeko eta ahalbidetzeko, bai hondamendien aurretik, bai bitartean eta bai ondoren.
Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Federazioaren (FICR) esparruan funtzionatzen du zentro horrek, eta haren asmoa eta helburu garrantzitsua da elkarte nazionalek ebidentzian oinarritutako praktikak ulertzea, erabiltzea eta horiei erantzutea, talde kalteberen behar psikosozialak asetzeko.
Gaur egungo gertaeren argitan, PS Centerrek guraso eta zaintzaileentzako orrialde bateko gida sortu du: nola hitz egin haurrekin gerrari buruz?
Gatazka armatu batek zuzenean erasana izateak edo urrutiko gatazka baten lekuko izateak hainbat emozio sor ditzake, hala nola beldurra, antsietatea, desilusioa eta haserrea, bai helduengan, bai haurrengan. Bereziki, gatazkek zuzenean eragindako haurrak borrokan aritu daitezke bizi izandako gertaerei edo telebistan eta sare sozialetan ikusi dituzten irudi kezkagarriei buruzko azalpenak aurkitzeko.
Testuinguru horretan, gidak mezu batzuk eskaintzen dizkie gurasoei eta zaintzaileei, seme-alabei laguntzeko eta haiek zaintzeko. Lau gako garrantzitsu nabarmentzen ditu:
- Ahalik eta lasaitasun handiena lortzea umeentzako ingurune segurua lortzeko, eta, heldu gisa kezkatuta egonez gero, familia eta lagunekiko gatazkaz haurren irismenetik kanpo hitz egiteko.
- Erantzun errazak ematea. Haurrak kezkatu egiten badira eta gertatzen denari buruzko galderak egiten badituzte, erantzun errazak eta zehatzak behar dituzte. Behar adina denbora hartu behar da egoera behar bezala azaltzeko, informazio beldurgarria eman gabe. “Ez dakit” esatea ere ondo dago.
- Komunikabideekiko esposizioa mugatzea. Gaur egun umeak babestu behar dira irratiko, telebistako edo sare sozialetako mezuen gehiegizko esposiziotik, are gehiago larrigarriak badira. Denbora mugatu behar da, eta haurrek (eta helduek) oheratu aurretik gailuak erabiltzen ez dituztela ziurtatu.
- Gustuko gauzak egitea. Umeekin une jakin batzuk ematea, haiekin gustuko gauzak egiteko, hala nola jolasak eta beste jarduera estimulatzaile batzuk, irakurtzea, marraztea edo lasaitzeko musika entzutea, esaterako.
Materiala oso egokia da aldi estresagarriak bizitzen ari diren helduentzat, gatazka-inguruneetan lagunak izan ditzaketen haurren gurasoentzat eta, gaur egungo egoeran, hezitzaile guztiontzat.
Egilea: Isabel Mendizabal