Euskal Herriko Mugimendu feministak faxismorik gabeko jendartea aldarrikatu du, eta mobilizazio ugari deitu ditu Martxoaren 8an, azkenaldian gora egiten ari diren diskurtso misoginoei, homofoboei eta sexistei aurre emateko. Erakunde publikoak ere salatu dituzte, ez baitituzte baliabide nahikoak jartzen ez arretan, ezta prebentzioan ere.
Bestalde, Emakundek neskatoen edertasun kanon zorrotza, hipersexualizazioa eta gorputz-kontzeptualizazio merkantilista salatzen du, “Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena?” lelopean antolatu duen kanpainan. Neskek beren itxura fisikoaren gainean jasaten duten presio soziala salatu nahi du ekimenak, emakumeen gorputzaren esplotazio mediatikoa gero eta handiagoa delako. Emakundeko zuzendariaren hitzetan, “emakumeak gizaki gisa ikustea eragozten duelako, haiekiko enpatia murrizten duelako pertsona gisa, eta baita haien balioa ere”, eta horrek “haien aurkako muturreko indarkeriak gertatzeko bidea ematen du”.
Kanpaina martxoaren 15era arte egingo da komunikabideetan, sare sozialetan, erakundeetan, ikastetxeetan, osasun-zentroetan, elkarteetan, enpresetan eta liburutegietan, besteak beste.
Hala ere, aparteko arreta merezi du aurten Errusiako feministek munduko emakume guztiei gerraren kontra parte hartzeko egin duten deialdiak. Gerrak indarkeria, pobrezia, desplazamendu behartua, bizitza apurtuak, segurtasunik eza eta etorkizunik eza esan nahi duela gogoratzeaz gain, honako hau salatu dute: gerrak genero-desberdintasuna areagotzen duela; urte asko atzera eginarazten dituela giza eskubideen arloko aurrerapenak; eta emakumeentzat bortxatua izateko arriskua hainbat aldiz handitzen dela. Mugimendu feministaren funtsezko balio eta helburuekin bateraezina, beraz. Eta zenbait proposamen egin dituzte, besteak beste, mugimenduak egindako aldarrikapena gainerakoekin partekatzeko, feminista guztiak gerraren kontra gaudela adierazteko.
Ikastetxe guztietan eta etapa guztietan zenbait bide ematen dute aurtengo Martxoaren 8an egiten ari diren aldarrikapen garrantzitsu horiek guztiek. Baina ez ahaztu urtero gogoratzen duguna: MARTXOAK 8 EGUNERO DA!
Egilea: Isabel Mendizabal