Ikerketa askok agerian uzten dute familia-etxetik kanpo harrera-egoeran dauden haur eta gazteei eragiten dien hezkuntza-desberdintasuna. Horretarako, Europa osoko sistema instituzionalen erronka handienetako bat da hezkuntza-emaitzetan oinarritutako ikuspegi zabalagoa bultzatzea, hezkuntza-desberdintasuna hausteko, bizitza independenterako trantsizioa bultzatzeko eta arriskuan dagoen gizarte-talde horren inklusioan laguntzeko.

Hala ere, ez dakigu zer ekintza espezifikok aurre egin diezaiekeen kontrako inpaktuei, egoera ahulean dauden testuinguruetako hezkuntza-desberdintasuna gainditzen laguntzeko. Hutsune horri erantzuteko, Salceda eta kideek (2022) Tertulia Literario Dialogikoen (TLD) inplementazioa aztertu dute, 13 nerabe eta 7 gizarte‑langilerekin, familia-indarkeriaren eta abandonuaren biktimentzako talde‑etxe batean. Hilean behin TLDak egin ziren 15 eta 18 urte bitarteko nerabeekin. Eztabaida-talde baten eta bi elkarrizketa sakonen bitartez, horren inpaktua jaso dute, baita nerabeen emaitza akademikoen konparaketa egin ere, esku-hartzearen aurretik eta ondoren.

Emaitzen artean, nerabeek berek hiztegian, arrazoiketan, irakurketan eta hizkuntza akademikoa garatzean hobekuntza nabarmenak nabaritu zituzten. Neska gazte guztiek akademikoki asko hobetu zutela esan zieten ikertzaileei, TLDetan parte hartu ondoren. Hori estu lotuta dago, haien hitzetan, haien artean harremanak, trebetasun sozialak eta konfiantza handiagoa izatearekin. TLD ezarri baino lehen, neska gazte batzuen ustetan, elkarbizitza kaos hutsa zen; TLDetako berdintasunezko eta errespetuzko elkarrizketek haien artean enpatia handiagoa izaten lagundu diete. Azkenik, emaitza akademikoei dagokienez, neska guztien kasuan aurrerapen akademikoa da, baita eskola-uztearen aurkako babesa eta unibertsitate-ikasketetara sartzeko aukeren handitzea ere. Izan ere, azken hori bizkortzen ari da esku‑hartzearen aurreko aldiekin alderatuta. Nabaria da, lehen aldiz, guztiek nota onekin gainditu dutela ikasturtea.

Egilea: Ane López de Aguileta