MABoi erromantikoak izatea gustatzen zaigu: hertsapenik gabeko maitasuna dugu gustuko. Atsegin dugu zaintzea, errespetatzea, partekatzea, detailezalea izatea… Ekintza horiek pertsonen arteko elkarrizketan oinarritutako itun askea, hots, maitasun perfektua, lortzen laguntzen dute, eta, gainera, harreman barruko desira etengabe handiarazten dute. Azken finean, erromantiko bihurtzen gaituzte. Eta zer gertatzen da? Maitasunean eta pasioan sinesten dugu, eta indarkeria baztertzen dugu gure harremanetatik. 

Maitasun perfektuaren ideia gaur egun nola definitzen den kontuan hartzen badugu, indarkeriarik eza nabarmendu behar dugu. Hau da, maitasun perfektuaren barneko ametsetako harremanen oinarria da botere-jarrerekiko, presioarekiko eta hertsapenarekiko erabateko gaitzespena, baita pertsona ororen askatasuna eta erabakiak errespetatzearen aldeko jarrera ere. Ikuspegi horretatik, maskulinitateok genero-indarkeria prebenitzen lagundu dezakegu maitasun perfektu mota hori bilatuz, detaileak eta elkarrizketak zainduz, eta pasioa betiere balio onenekin eta sentimendu sakonenekin uztartzen saiatuz, bietako bakar bati ere uko egin gabe. Horrek ez du esan nahi printze urdina izan nahi dugunik, jakin badakigun arren pertsonaia horiek maitasunean oinarritzen zirela eta horrek indarkeria oro baztertzen zuela, sortu zituzten garaiko rolak gorabehera.

Maitasuna, desira-, edertasun- eta erakarpen-sentimendu sakon hori, eraldatzeko elementua da, eta libreki harremanak izan nahi dituzten pertsonen ametsak gauzatzen laguntzen du. Maskulinitate Alternatibo Berrien harremanetan maitasun mota hori gailentzen da, harremanen izaera, forma, orientazioa edo iraupena edozein delarik ere. MABontzat, harremanak ez du zentzurik ezaugarri horiek betetzen ez baditu, eta ez gara gurekin egon nahi ez dutenekin lotuko. Gainera, ez gara espezie arraro bat: mutil eta gizon askok izan nahi ditugu horrelako harremanak, eta horietan sinesten dugu. Horregatik, hain zuzen, izan nahi ditugu harremanak beren buruarentzat gauza bera nahi dutenekin bakarrik; hortaz, ez genuke harremanik izango gu harroputz menderatzaileak edo txotxongilo hutsak izatea nahiko lukeen inorekin.

Erromantizismoak iraultza ekarri zuen: mendeetan nagusi izan zen feudalismo higuingarria gainditu zuten harremanak ekarri zituen. Bada, gaur egun, esan dezakegu, dakigun bezala, XXI. mendeko iraultza maitasunarena izango dela, eta MABok dagoeneko ekarpena egiten ari gatzaizkio iraultza horri, erromantikoak izatea gustatzen zaigula defendatuz eta aldarrikatuz. Disimulurik gabe esaten dugu, zalantzarik gabe, maitasunaren berdintasun-sentimenduaren sakontasun eta desio osoarekin, bizitzeko eta gozatzeko nahi ditugun ametsetako harremanen alde.

El Diario Feministatik aterata.

Egilea: Guillermo Legorburo