Gero eta azterlan gehiagok ohartarazten dute teknologia digitalaren erabileraren eta gazteen eta nerabeen osasun fisiko eta mentalaren arteko loturaz. Alde batetik, haurrak gero eta lehenago hasten dira pantailetan oinarritutako gailuak erabiltzen, eta gero eta denbora gehiago ematen dute pantailen aurrean; hori bizi-eredu ez-osasungarriekin lotzen da. Bestalde, gazte eta nerabeen kasuan, Interneterako sarbideak pertsonen arteko komunikaziorako aukera gehiago ematen badizkie ere, ziberespazioan beste batzuen jazarpena jasan ahal izatea ere errazten du, eta horrek lotura estua du osasun mentalarekin eta nerabeen garapenarekin.

Munduko egoeraren berrikuspen sakon batean jasotzen denaren arabera, etengabe sortzen ari diren sare sozialen plataformek eskaintzen dituzten online jardueren bidez, ziberjazarpena izugarri hazten ari da nerabeen artean, eta hori osasun publikoko arazo larria bihurtu da. Kontuan hartzen badugu munduko Interneteko erabiltzaileen heren bat gutxi gorabehera 18 urtetik beherako haurrak eta nerabeak direla eta kopuru hori etengabe hazten ari dela, horrek arazoa zenbaterainokoa den erakusten digu.

Familiek zeregin garrantzitsua dute pantailen onurak maximizatzeko eta arriskuak minimizatzeko. Horregatik, Anar fundazioak teknologia berriei buruzko gida jarri du familien eskura. Gidak mugikorra erabiltzen hasteko adin egokiari buruzko zenbait aholku ematen ditu, teknologia berriak erabiltzean haurrek eta nerabeek izan ditzaketen arriskuez ohartarazten du, horiek identifikatzeko seinale batzuk deskribatzen ditu, eta familientzako jarraibide argiak eskaintzen ditu, hala nola: 

  • Erabilera-arauak ezartzea.
  • Beti haiengana iristeko moduan egotea, zailtasunen bat izanez gero, helduengana jo dezaketela jakin dezaten.
  • Norbaitek sarearen bidez estortsioa egiten dienean, esan egin behar dutela irakastea, salatu daitekeen eta salatu behar den delitua baita.
  • Sareko komunikazioei buruz dakitenari buruz hitz egitea, zer-nolako sare sozialak erabiltzen dituzten, pertsona berririk ezagutu duten…
  • Datu pertsonalak (izena, abizenak, helbidea, adina, ikastetxea) Internet bidezko komunikazioetan inori ematearen arriskuei buruz hitz egitea. Eduki sexualeko eta cyberbullyinga eragin dezaketen irudiei buruz ohartaraztea.

Gidak azpimarratzen du, halaber, familiek teknologia berrien aurrerapena ezagutu behar dutela, batez ere beren seme-alabek ezagutzen eta egiten dutena. Ildo horretan, eskolek, gazteei teknologia digitalean dituzten gaitasunak hobetzen laguntzeaz gain, familiekiko prestakuntza eta lankidetza antola ditzakete, eta lehentasuna eman diezaiokete elkarrekin eskola-ingurune seguru eta positiboa sortzeari. Aipatutako berrikuspenean planteatzen den bezala, haurrak eta nerabeak ziberjazarpenetik babesteak ahalegin bateratuak eskatzen ditu familien artean, eskolen eta komunitateen artean, ziberjazarpenik gabeko inguruneak eratzeko.

Estekak, hurrenez hurren: 

https://www.thelancet.com/journals/lanchi/article/PIIS2352-4642(21)00200-5/fulltext

https://www.frontiersin.org/articles/10.3389/fpubh.2021.634909/full?s=08.

https://www.anar.org/nuevas-tecnologias-padres/

https://www.anar.org/edad-apropiada-usar-movil/

 Egilea: Isabel Mendizabal