Aspaldi honetan bideodeiak inoiz baino gehiago erabiltzen dira. Pandemiak edo distantziak eragin ditzakeen eragozpenak gainditzeko oso baliagarriak sortatu dira. Baina baliagarriak al dira bigarren hizkuntzak ikasteko? Ikerketak erakutsi du bideodeiak erabilgarriak direla. Baina orduan beste galdera bat sortu dakioke askori: ikasleen maila txikia denean ere eraginkorra al da? Galdera horri erantzun nahi dio The effect of NNS–NNS and NNS–NS videoconferencing on the development of second language confidence (“NS-NNS eta NNS-NS bideokonferentzien eragina bigarren hizkuntzarekiko konfiantzaren garapenean”) izenburua duen artikuluak. Alderatu egiten ditu bi bideodei mota: ikasleek maila bereko beste ikasle batzuekin egiten dituztenak, alde batetik, eta, bestetik, ikasleek maila oso handiko hiztun batekin egiten dituztenak.

Bigarren hizkuntzak eraginkortasunez ikasteko ezinbestekoa da hainbat baldintza bermatzea. Bestela, hizkuntzarekin kontaktuan urteak pasa ditzakegu fundamentuz ikasi gabe. Aztergai dugun artikuluan hiru baldintza nabarmentzen dira: 1) interakzioa bigarren hizkuntzan, 2) interakzioan erabiltzen den hizkuntza ahalik eta aberatsena izatea, eta 3) ikasleak interakzioan murgilduta egotea.

Ikerketaren emaitzek garbi erakutsi dute ikasleek maila bereko ikasleekin egiten dituzten bideodeiak eraginkorrak direla bigarren hizkuntzaren ikaskuntza sustatzeko. Halaber, ikasleek maila oso handiko hiztun batekin egiten dituzten bideodeiak ere baliagarriak dira. Berdinen arteko bideodeietan ikasleak erosoago eta ziurrago sentitzen ziren. Zenbaitek aipatu zuten inoiz ez zutela aukerarik izan hain elkarrizketa luzeak izateko bigarren hizkuntzan, eta hori egin izanagatik oso pozik zeudela. Bestalde, maila oso handiko hiztunekin hizkuntza aberatsagoa zen, eta hori ere estimatzen zuten ikasleek.

Teknologikoki eskura daukagun aukera bat da, gero eta kasu gehiagotan. Ordenagailuetan ez ezik tabletetan eta telefono mugikorretan ere egin daitezke bideodeiak. Gaur egun, gure testuinguruan biztanleriaren %75ak dauka ordenagailua etxean, eta %97,2ak dauka telefono mugikorra. Interneten estaldura ez da etxe guztietara iristen eta zenbait kasutan ez da egokia bideodeietarako, eta beharrezkoa da hutsune hori lehenbailehen betetzea, baina, hala ere, oraingoz estaldura dauka biztanleriaren %88ak oro har. Kopuru hori %95ekoa da 64 urtetik beherakoen artean.

Egilea: Harkaitz Zubiri