Gaur egun, nerabeen artean sexu-indarkeria detektatzen jarraitzen da eskoletan. Ildo horretan, hainbat azterlanek erakusten dute neska-mutilek beren inguruneko pertsonekin dituzten interakzioek garrantzi handia dutela, haien identitate afektiboa eta sexuala, indarkeriari buruzko sinesmenak eta sexu-indarkeriarekin duten harremana taxutzeko.
Ildo beretik, Elbojek eta kideek egindako ikerketaren arabera, sozializazioak eragin garrantzitsua du transmititzen diren maitasunari eta indarkeriari buruzko sinesmenetan, eta bi faktoreek eragina dute sexu-indarkeriako egoeretan parte hartzean.
Ikerketa hori Bigarren Hezkuntzako 4273 ikaslek osatutako lagin baten gainean egin da, gutxi gorabehera erdia gizonezkoak eta erdia emakumezkoak.
Genero-indarkeriarekin lotutako sinesmenek eragin zuzena eta oso garrantzitsua dute sexu-indarkeriaren biktima edo erasotzailea izatearekin, batez ere erasotzailea izatearekin; izan ere, sinesmen batzuk edukitzeak sexu-indarkeriaren erasotzaile bihurtzeko aukera areagotzen du, % 50etik gora. Mutilen ehunekoa nesken ehunekoa baino esanguratsuagoa da (biktimizazioa, behaketa eta erasoa), batez ere eraso-ekintzan; izan ere, “berak parte hartu nahi ez duen jokabide edo egoera sexualen mehatxuekin behartzea” mutilen % 6,3k egiten dute gutxienez “batzuetan”.
Gainerako sinesmenei dagokienez, lagin osoaren % 5,9 nahiko edo oso ados dago “erasokorrak diruditen gizonak erakargarriagoak direla” esatean, eta horrek ez du alde nabarmenik erakusten mutilen eta nesken artean. Hala ere, “justifikatuta dago gizon batek emazteari edo neska-lagunari erasotzea hark uztea erabakitzen duenean” baieztapenarekin nahiko edo oso ados dauden mutilen ehunekoa neskena halako bi da (% 4,7). Halaber, emaitzek adierazten dute oso harreman estua dagoela maitasuna eta indarkeria lotzen dituzten sinesmenen artean, biktimizazioarekin sexu-indarkeriari dagokionez, ekintza horien ikusle izatearekin eta, batez ere, erasotzaile bihurtzearekin.
Ikerketaren ondorioen arabera, harreman positiboak izateak: 1) eraso-egoera baten aurrean inplikatutako pertsonak babesten laguntzen du, eta 2) erakargarritasunari buruzko sinesmenak eraldatzen ditu.
Beraz, prebentziozko sozializazioa nerabeen arteko sexu-indarkeriari aurre egiteko funtsezko estrategia gisa sortzen da. Eskolan, bizitza osorako ongizaterako harreman osasungarriak eta lagungarriak sustatu behar dira, arreta berezia jarriz errespetuan eta indarkeriarik ezan oinarritutako harreman pertsonaletan. Laguntza- eta prebentzio-sare horrek, eskolako sozializazio-eragile guztiak kontuan hartzeaz gain (ikaskideak, irakasleak, zuzendariak eta gainerako eskola-langileak), familiak eta horiek ikastetxean duten parte-hartzea ere kontuan hartu behar ditu. Beren ingurunearekiko lotura oso garrantzitsua izan daiteke neskentzat, batez ere biktima bihur ez daitezen; izan ere, elkarreragin horiek biktimizazio horren aurka babestuko duten uste eraldatzaileak susta ditzakete.
Egilea: Mª Luisa Jaussi