Hizkuntzak elkarrekin pentsatzeko aukera ematen digu. Vygotskyk (1978) zioen bezala, hizkuntzak gizabanako desberdinen baliabide mentalak adimen kolektiboan konbinatzeko aukera eskaintzen du, baita ezagutza-modu bateratuak sortzeko aukera ere. Horregatik, ikasgeletako hizkuntzaren erabileraren azterketa ikerketarako interesgune bihurtu da azken urteetan. Ikerlan horietatik ondorioztatu denaren arabera, hizkuntzak haurren pentsamenduarekin duen harremana iraganean uste genuena baino askoz garrantzitsuagoa da. Horrek agerian uzten du ikasgelan hizkuntzaren kalitatea hobetzea ezinbestekoa dela, hezkuntzaren kalitatea hobetu nahi bada (Mercer, Hargreaves eta García-Carrión, 2016).
Azken hamarkada luzeetan, talde-lanak berebiziko garrantzia hartu du ikasgeletan. Izan ere, taldeak espazio aproposak bihurtzen dira elkarrizketa eta elkarrekintza sustatzeko. Adi ibili behar dugu, ordea. Taldean lanean jartze hutsak ez du ziurtatzen bertako elkarrekintzetan ikasleek hizkuntza pentsamendu kolektiboaren sorkuntzarako tresna gisa erabiliko dutenik. Zein talde-lan mota eta zein hizkuntza-erabilpen litzateke aproposena ikaskuntza-prozesua eraginkorra izan dadin?
Diez Palomar eta kideek (2015) planteatzen dute ulermenean oinarritutako ikaskuntza ikasleek hizketa dialogikoa erabiltzen duten espazio dialogikoetan parte hartzen dutenean gertatzen dela. Hipotesi hori baieztatzeko, Kataluniako ikas komunitate bateko lehen hezkuntzako 6. mailako ikasgela bat aztertu zuten. Talde elkarreragileetan antolatutako matematikako 5 saio grabatu zituzten. Saio horietan, ikasleek zatiki baliokideak bilatzeko eta zatikiak alderatu eta ordenatzeko ariketak ebatzi behar zituzten. Saio horiei behatuz, ikasleak matematika modu esanguratsuan ulertzera iristen direnean, talde elkarreragileen barruan gertatzen diren interakzio motak nolakoak diren aztertzea zuten helburu. Helburu hori erdiesteko hiru galdera planteatu zituzten:
- Zer-nolako interakzioak gertatzen dira haurrak edo/eta helduak ideia matematikoen ulermen sakon, sendo eta esanguratsuetara iristen direnean?
2. Elkarrizketa dialogikoak argitu al dezake haurrek nola ikasten duten matematika talde elkarreragileetan gertatzen diren elkarrekintzen bidez?
3. Zer ikas dezakegu tutorearen zeregina berrinterpretatzen lagunduko digun hizketa dialogikoaren praktikatik?
Behatutako saioen sekuentzia esanguratsuenen analisia egin ondoren, ikertzaileek ondorengo ondorioak atera zituzten: ikerketako lehen galderari dagokionez, sekuentzia guztietan hiru interakzio motaren adibideak aurkitu zituzten. Nahiz eta talde elkarreragileak berdintasunezko espazioak izan, non parte-hartzaileek elkar ulertzeko gogoz esku hartzen duten, talde elkarreragileen barruan gertatzen diren elkarrekintzak konplexuak direla baieztatu zuten ikertzaileek, eta, ondorioz, hainbat interakzio mota gertatzen direla bertan.
Ikerketako bigarren galderari erantzunez, hizketa dialogikoak haurrek nola ikasten duten argitzen laguntzen duela esan daiteke; izan ere, ikasten denaren ulermena ezinezkoa da baliozko baieztapenak barne hartzen dituen elkarrizketarik gabe. Hala ere, kontuan eduki behar da hori ez dela baldintza nahikoa ikaskuntza gerta dadin.
Azkenik, ikerketako hirugarren galderari dagokionez, ikertzaileek jasotako datuek iradokitzen dute helduaren papera ez dela neutrala. Helduek haurrak animatu eta lagundu behar dituzte erantzunak justifikatzera, benetako prozesu dialogiko batean parte hartu dezaten.
Egilea: Leire Ugalde