Jane Addams (1860-1935) soziologia garrantzitsuenaren sortzaileetako bat da. 1905ean hasi zen American School of Sociological Society-n parte hartzen, eta maiz idatzi zuen haren aldizkarian. Halaber, Chicago School of Sociology-rekin kolaboratu zuen, eta gutxienez 12 liburu idatzi zituen soziologia-gaiekin lotuta.

Haurtzaroan, Addamsek amets handiak zituen munduan zerbait baliotsua egiteko. Irakurle handia zenez, Charles Dickens irakurriz behartsuenganako interesa piztu zitzaion. Horren ondorioz, medikua izan nahi zuen behartsuekin bizi eta lan egiteko, eta aitak bultzatu zuen goi-mailako hezkuntzan sar zedin. Janeren osasun arazoek, bizkarrezurreko kirurgia batek eta nerbio-krisi batek medikuntzako karrera amaitzea eragotzi zioten.

Giuseppe Mazziniren Gizakiaren betebeharrak irakurrita, demokrazia ideal sozialtzat hartu zuen. John Stuart Mill-en Emakumeen esklabotasuna liburuari esker, emakumeek ezkontzeko eta bizitza familiari eskaintzeko jasaten zituzten presio sozialei buruz hausnartu zuen.

Inglaterrako Toynbee Hall etxea ezagutu zuen, eta liluratuta geratu zen. Bazirudien klaseak gizartean nahasteko eta elkarri etekinak ateratzeko ametsa erakunde mota berri horretan gorpuzten zela. 1889an Addamsek eta bere lagun eta bikote Ellen Gates Starrek Hull House sortu zuten, Chicagoko asentamendu-etxe bat. Hull House ikerketarako, analisi enpirikorako, azterketarako eta eztabaidarako zentroa zen, baita bizilagunekin harreman onak izateko eta bizitzeko zentroa ere. Hull House-ren helburuen artean gazte hezi eta pribilegiatuak pertsona gehienen bizitza errealarekin harremanetan jartzea zegoen. Hull Houseko egoiliarrek hainbat ikerketa aurreratu zituzten: etxebizitza, obstetrizia, tuberkulosia, tifusa, zabor bilketa, kokaina eta eskolako absentismoa.

Hull Houseko instalazioek honako hauek hartzen zituzten barnean: helduentzako gau-eskola bat, haur nagusientzako klubak, sukalde publiko bat, arte-galeria bat, gimnasio bat, nesken klub bat, bainu-etxe bat, liburu-koadernatzaile bat, musika-eskola bat, antzerki-talde bat, apartamentuak, liburutegi bat, bilera-gela bat, enplegu-bulego bat eta jangela bat. Near West Side auzoko etorkinentzako gizarte-zerbitzuak eta kultura-ekitaldiak eskaintzeaz gain, Hull Housek praktika eskuratzeko aukera ematen zien gizarte-langile gazteei.

George Herbert Meadekin batera lan egin zuen erreforma sozialaren hainbat alderditan, hala nola emakumeen eskubideetan edo 1910eko ehungintza-sektoreko langileen grebetan. Addamsek interakzionismo sinbolikoaren ideia nagusiak feminismo kulturalaren eta pragmatismoaren teoriarekin lotu zituen. Hona hemen Jame Addams-en teoria sozialaren ekarpen nagusiak:

  • Soziologia aplikatua: teoriak praktikaren eskutik joan behar du. Eguneroko bizitzaren soziologiaren, pertsonentzako soziologiaren eta etnografia instituzionalaren aitzindaria ere izan zen. Gizarte-determinismoaren ideiari uko egin zion.
  • Gizarte-teoria organikoa: gizakiek eta naturak batasun bat osatzen dute. Erakundeetako gizarte-aldaketek gizabanako guztiei eragiten diete.
  • Teoria sozial ebanjelikoa: gizaki guztiak dira berez onak.
  • Aitorpen-elkarrekikotasuna: behaketa parte-hartzaileak beti errespetatu behar ditu gizabanakoak eta haien ingurunea.
  • Etika soziala, demokrazia sozializatuko pentsamenduaren eta ekintzaren funtsezko araua: gizarte-ekintza gizartearen indar moral gisa ulertu behar da, eta bizi-baldintzak hobetzea ahalbidetu behar du.
  • Demokrazia sozializatua da, eta gizabanako guztien egunerokoan sartu behar da.
  • Gizonen eta emakumeen artean gizarte bidezkoagoa eraikitzeko konpromiso teorikoa eta praktikoa. Emakumeen bozkatzeko eskubidea defendatu zuen, eta emakumeek beraien asmoak sortu eta horiek gauzatzeko aukerak bilatu behar zituztela.

1915eko urtarrilean, Ameriketako Estatu Batuetako Emakumeen Bakearen Alderdiko presidentetza onartu zuen, eta geroago Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligaren presidentea izan zen 1929ra arte. 1931n, Bakearen Nobel Saria jaso zuen munduko bigarren emakumea izan zen.

Egilea: Mª Luisa Jaussi