Antsietatea aldagai garrantzitsutzat jo ohi da  bigarren hizkuntza (H2) ikasteko prozesuan. Hala ere, azken hamarkadetako ikerketetan ez da nahikoa sakondu hizkuntza-antsietatearen eta bigarren hizkuntzaren lorpen mailaren arteko kausa-ondorio erlazioan. Horixe aztertu dute artikulu honetan: Abdullah Alamer eta Jihyun Lee-k (2021), Language achievement predicts anxiety and not the other way around: A cross-lagged panel analysis approach

Ikerketa-lan horrek 17 asteko iraupena izan zuen, eta prozesua 3 fasetan banatu zen. Ikasleen lorpen linguistikoa tarteko fasean gertatzen zen kasuetan, garbi ikusi zuten hizkuntza-antsietatea nabaria zela azken fasean. Aldiz, lorpena eta motibazio autonomoa hasieratik bereganatzen zirenean, antsietate-maila apalagoa zela ikusten zen geroko etapetan. Beraz, lorpen linguistikoa antsietatearen aurretikoa dela berretsi zuten, eta ez alderantziz. 

Bestetik, Alamer eta Lee ikertzaileek motibazioaren faktorea bitartekari gisa aztertu zuten bi aldagai horien arteko korrelazioan. Motibazio autonomoa erakusten duten errendimendu handiko ikasleen antsietatea arintzeaz gain, epe luzean ere badirauela ondorioztatzen dute.

Hortaz, nola aplika daiteke hori ikasgelan? 

Gomendagarria da ikasleei azaltzea arrunta dela antsietatea antzematea H2ren ikaskuntzan; ez du zertan ondoren lortuko duten maila mugatu. Are gehiago, lorpenak ezinbestekoak dira hizkuntza-antsietatea gainditzeko.   

Ildo beretik, komeni da antsietatea, hizkuntza-maila eta hizkuntzaren autopertzepzioa neurtzea hainbat estrategiaren bitartez, hala nola behaketaren, galdetegi laburren, elkarrizketaren eta eztabaida-taldeen bidez.

Egilea: Vanesa Hurtado