El Diario Feministatik itzulita.

Azken aldian, harreman afektibo-sexualei, sexu-jazarpenari edo bortxaketei buruz gero eta gehiago eztabaidatzen da, eta horrek mintzagai bilakatu du subjektuen erantzukizuna edo erantzukizunik eza, batzuetan modu alderdikoi eta oso interesatuan. Duela gutxi ikusi genuen bezala, Twitter bidezko #kontaezazu kanpainari buruzko eztabaidaren helburua izan zen edozein indarkeria mota jasandako neskek sareen bidez hori salatzea, arazoaren larritasuna ikusarazteko eta urteetan isilpean egon diren emakume guztien ahotsa entzunarazteko

#kontaezazu kanpainaren une gorenean, justiziazale-bokazioa zuten emakume batzuek eztabaidaren muina aldatzea eta fardela gizonei pasatzea erabaki zuten, #kontaezazugizona kanpainaren bidez. Hala, egindako kaltearengatik barkamena eskatu zuten gizonen kontrako harrikatze modukoa bilakatu zen kanpaina, eta «mikromatxista», «matxista», «patriarkatuaren eraginpeko» eta antzekoak esan zitzaizkien. Horrek biktimen eta bizirik atera diren emakumeen kanpaina isilarazteko balio izan zuen, eta, horrez gain, «feminista» askorentzat tresna baliagarria izan zen astindu ditzaketela badakiten mutil horiek astintzeko, etiketa ugari jarriz eta, era berean, beste batzuei eskatzen ez dizkieten aldaketak haiei eskatuz.

Ikerketa feministek erakusten dute gizon guztiak ez direla berdinak: badaude biolentoak, harroputzak edo probokatzaileak direnak, inola ere onartu beharko ez genituzkeenak; baina, era berean, badaude, arrazoiak arrazoi, biolentoen kontra egitera ausartzen ez direnak, segurtasun-falta horrek normalean erakargarritasuna kentzen baitie. Bestalde, nazioartean aitorpena duten feministek Maskulinitate Alternatibo Berriak (MAB) deiturikoak ere badaude. Mutil seguru eta erakargarriak dira, beti indarkeria ororen kontra agertzen direnak, borroka feministarekiko elkartasuna adierazten dutenak, eta aipatutako lehen taldearen bestelako ereduak planteatzeko gai direnak.

Arazoaren muina da gizarte-mugimenduetan, sareetan, «eraldatzaileak» izan nahi duten espazio gehienetan, diskurtsoa eta jardunbideak gero eta bideratuago daudela mutil «jatorrak» astintzera. Birritan pentsatzen badugu, ondo baino hobeto dakigu mutil horiek ez luketela inoiz gurekiko desparekotasun- edo diskriminazio-harremanik eragingo lukeen deus egingo; harroputzenei, arreta handiena erakartzen dutenei eta txarren tratatzen gaituztenei, ordea, dena barkatzen zaie. Hobeto esanda, haien ekintzak barrez hartzen dira, gure kideak ondo tratatzen ez dituztela, engainatzen dituztela eta haietako batzuei buruzko iruzkin isekagarriak (baita larriagoak ere) egiten dituztela jakin arren. Martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko manifestazioetan mutilak ateratzen dira plazetara «zein matxistak diren» azaltzeko manifestuak irakurtzera. Zein izugarria eta nolako errakuntza! Mutil feministak astintzea hanka-sartze handia da, eta ondorio historikoak ditu eta izango ditu, are gehiago matxistak izan badiren horien jarrerak isilarazten baditugu. Historia osoan zehar, beti egon dira emakumeekin batera edozein indarkeria motaren aurkako jarrera hartu duten gizonak, errespetuan, elkartasunean eta maitasunean oinarritutako berdinen gizarteetan eta komunitateetan amestu dutenak. Gaur egun, feminista batzuen moral bikoitzak borroka feminista partekatuaren urteetako ametsak apurtzen ditu, eta mutil konprometituenei desparekotasun-harremanak ezartzen dizkie, askatasun faltsuaren izenean.

Mutil guztiak ez dira matxistak, eta beren burua feministatzat hartzen duten emakume guztiak ez dira feministak. Izan ere, badira feminismoaren eta emakumeen eskubideen alde askoz gehiago egin duten gizonak, beren burua feministatzat hartzen duten zenbait emakumek baino. Dena zaku berean sartzea mugimendu feminista suntsitzeko moduko nahasketa da, eta mutil asko astintzen ditu, horregatik ez balitz, edozein matxismo eta indarkeria motaren aurka bete-betean agertuko liratekeenak. Gainera, mutil horien erakargarritasuna handituko litzateke, oraintxe bertan ez bezala; izan ere, orain ez feministak ez «kideak» ez direnak dira erakargarriak.

Arreta-gunea borroka feministatik aldetzea, #kontaezazugizona kanpainarekin gertatu zen bezala, biktimentzat bezain kaltegarria da publikoki aitorpena egitera behartuta sentitu ziren mutil feministentzat. Benetan matxistak direnek, ostera, guztiz saihestu ziten eztabaida.

Feministok mutil seguruekin, ez-biolentoekin eta erakargarriekin batera borroka egin nahi dugu, jarrera hartzen duten mutilekin, baita jokabideei eta diskurtsoei dagokienez inola ere mendean hartu ez dituen matxismoa beren gain hartzen ez duten mutilekin ere. Matxismoa arbuiatzea, nagusiki, nork bere ez egitea da. Matxismoa ez da genetikoa, soziala da, eta horren aurka borroka egitea ere soziala da, feminismo solidario, erakargarri, aske eta eraldatzaileenaren erradikaltasunetik.

Egilea: Mar Joanpere