Desgaitasuna duten pertsonak gizarteko talderik ahulenen artean daude. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleek desgaitasunik ez duten ikasleek baino hezkuntza-maila baxuagoak lortzen dituzte, baita, hezkuntza-sistemen barruan, atxikipen- eta sustapen-tasa txikiagoa ere. Horrek etorkizunean gizarte-bazterkeria izateko arrisku handiagoa dakar.
Hezkuntza inklusiboak ikaskuntza sustatzea eta ikasle horien garapen kognitiboari mesede egitea du xede. Hainbat ikerketak adierazi dute ingurune interaktiboek inklusioari mesede egiten diotela. Haatik, beharrezkoa da jakitea ingurune inklusibo horiek zer-nolako eragin positiboa izan dezaketen ikasle horien hobekuntza akademikoan zein trebetasun kognitiboen garapenean.
Hori horrela, Ugalde, Santiago-Garabieta, Villarejo-Carballido eta Puigvert (2021) emakume ikertzaileek Impact of Interactive Learning Environments on Learning and Cognitive Development of Children With Special Educational Needs: A Literature Review artikulu zientifikoa argitaratu dute. Artikulu horrek Web of Science, SCOPUS, ERIC eta PsychINFO datu-baseetan dagoen literatura zientifikoaren berrikuspena eskaintzen du. Zehazki, ingurune interaktiboek HPBak dituzten haurren ikaskuntza akademikoan eta gaitasun kognitiboen garapenean duten eragina ulertzeko. Horretarako, ikertzaileek 17 artikulu hautatu zituzten.
Ikerketa horiek erakutsi zuten ikaskuntza interaktiboko inguruneak eraginkorrak zirela ikaskuntza instrumentala sustatzeko, parte-hartze akademikoa areagotzeko zein desgaitasunak dituzten haurren garapen kognitiboa hobetzeko.
Hortaz, emaitza horietatik abiatuta, ondorioztatu daiteke interakzioan oinarritutako ingurune inklusiboek HPBak dituzten ikasleen ikaskuntza zein garapen kognitiboa sustatzen dutela.
Egilea: Ane Olmedillo Berasategi