Esferan publikoan zalantza handiak sortu dira D ereduaren eraginkortasunari buruz. Etsipenetik ere hitz egin dute zenbaitek, eskolak ezin duela gehiago eman. Baina ez dago etsipenerako arrazoirik. Kontrakoa: azken hamarkadetan lortu duguna are gehiago hobetzeko aukerak oso argiak dira.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak eskaintzen dituzten datuen arabera, Euskal Herriko biztanleriaren % 28,4 da euskaraz hitz egiteko gai, biztanleriaren % 12,6k hitz egin ohi du euskaraz egunerokotasunean, eta lau familiatik bat da gai euskaraz hitz egiteko, baina, hori horrela izanda ere, 16-24 urtekoen artean euskaraz zekitenen kopurua % 22,5etik % 55,4ra pasatu zen 1991. eta 2016. urteen artean. Nola gertatu da hori? Eskolei esker, jakina. Hori izan da faktore garrantzitsuena. Nagusiki, 60ko hamarkada izan zen inflexio-puntua, eta harrezkero, pausoz pauso, hoberantz joan gara, oro har. Gero eta ikasle gehiagori eskaintzen zaie euskara eraginkortasunez ikasteko aukera. Baina, jakina, asko dago hobetzeko.
2021. urtean, D ereduan matrikulatu ziren EAEko ikasleen ia hamarretik zortzi Lehen Hezkuntzan, eta hamarretik zazpi Bigarren Hezkuntzan, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Baina, datu ofizialen arabera, 9-10 urteko ikasleen artean hamarretik seik bakarrik daukate euskarazko oinarrizko maila baino handiagoa, eta 13-14 urte artekoen kasuan hamarretik bost-sei artean dago kopuru hori. Ez da hizkuntza-ereduen kontua bakarrik. D ereduak ere hobetzeko aukera ederrak ditu. Nola? Ikerketa zientifikoak eskaintzen dizkigun ebidentziak praktikara eramanez. Gakoa inpaktu sozialaren ebidentziak aplikatzea da. Inpaktu sozialaren ebidentziak dira goi-mailako aldizkari zientifikoetan egoera hobetzen dutela frogatzen duten ebidentziak. Hezkuntza-arloan aplikatzen diren jarduera arrakastatsuek jadanik frogatu dute hizkuntza-gaitasuna hobetzeko zenbaterainoko ahalmena duten. Euskararekin ere funtzionatzen dutela frogatuta dago jadanik. Gure ikasgeletan solasaldi dialogikoak (literarioak, kurrikularrak, musikalak, artistikoak) egiten ditugunean, talde elkarreragileak eta liburutegi tutorizatuak antolatzen ditugunean, familiei trebakuntza eskaintzen diegunean, irakasleak ebidentzietan oinarritutako trebakuntzan murgilduta daudenean… hau da, gauzak behar bezala eta intentsitate nahikoarekin egiten ditugunean, berebiziko ekarpena egiten ari gara. Hizkuntza eraginkortasunez ikasteko aukerak areagotzen ari gara, eta, bide batez, hori baliagarria da irakasle askok beren lanbidearen zentzua berreskuratu dezaten, eta horrela beren bizi-kalitatea ere hobetu dezaten.
UNESCOren arabera, munduan ikasleen % 40k hizkuntza bat edo batzuk dauzka familian, eta bestelako hizkuntza bat edo batzuk dauzka eskolan, eta, beraz, familian ez dute ez hitz egiten ez ulertzen eskolako hizkuntza. Egoera oso ohikoa da. Erronka globala da, beraz. Bermatu behar dugu eta bermatu dezakegu hizkuntza etxetik ez dakarten ikasle guztiek eskolako hizkuntza(k) ondo ikastea. Ikasle askok ez dute hizkuntza hori behar bezala ikasteko bestelako aukerarik, eskolan ez bada, eta, gainera, hizkuntza hori fundamentuz ikastea ezinbestekoa da eskolako edukietara sarbide eraginkorra izan dezaten.
Mezu derrotistek ez dute inoiz hobekuntzarik sortzen. Gainera, ez daude errealitateari lotuta. Hobekuntzarako aukerei ez ikusiarena egiten diete. Aldi berean, euskara ikasle guztiei ez eskaintzea ez da batere aukera ona; izan ere, horrela, ikasle horiei ikasteko benetako aukerak murrizten arituko gintzaizkieke. Euskara ez dakiten ikasleak edo jatorri etorkina duten ikasleak gainerakoengandik bereiztea ere oso aukera txarra da, ikerketa zientifikoak behin eta berriro erakutsi duen bezala.
Eskoletan lortu izan dira eta lortzen dira bestelako eremuetan nekez lortuko liratekeenak. Gainera, konponbideak martxan jartzen ditugunero, martxan dauden momentutik askoz errazagoak dirudite. Eremu horretan ere aukera polita daukagu.
Egilea: Harkaitz Zubiri