Bada Paulo Freirek Espainiara egin zituen lau bidaien inguruko dokumentazio historiko zein zientifikoa (Igelmo eta Quiroga, 2021). Gainera, Freireren beste bidaiei buruzko dokumentazio oso zintzoa eta bizia ere badago (De la Riva, 1998).

Haatik, ez dago Freirek Valentziara egin zuen azken bidaiari buruzko argitalpen zientifikorik. Argitalpen bakanen ebaluazio zientifikoa egin ondoren, funtsezko akatsak antzeman dira; hori dela eta, ezin da jakin bidaia horrek zer zentzu eta zer-nolako hezkuntza-inpaktua izan zuen. 

Paulo eta bere lagunentzat bidaia horren zentzua Valentziako hezkuntza eraldatzen laguntzea izan zen. Gizarte osoarentzat, baina bereziki sektore zapalduenentzat. Hori zen parte hartu zuten pertsona gehienen motibazioa. Halaber, hirurogeita hamarreko hamarkadatik, Freireren ekarpenetan oinarrituta, zapalduaren pedagogia gisa, eraldatzen saiatu ziren hezkuntza- eta gizarte-proiektuena ere bai. Hori horrela, berriki argitaratutako Impacto del viaje de Freire a Valencia artikuluan aurkezten den ikerketa motibazio horrekin egin da. 

Honako hauek izan dira ikerketaren helburu nagusiak: 

  • Bidaiaren memoriaren azterketa zientifikoa egitea, Valentziako hezkuntza hobetzen laguntzeko. 
  • Hezkuntzaren hobekuntzan izan duen eragina eta hobetzen jarraitzeko ahalmena ebaluatzea. 
  • Beste argitalpen batzuek ikusezin bihurtu edo desitxuratu dituzten gertaera eta pertsona garrantzitsuak argitzea. 

Esther Roca, Susana Gomez, Sara Carbonell eta Jusep Maria Canal (2021) ikertzaile nahiz irakasleen ikerketa-lana metodologia komunikatiboan oinarritu da. Datuak biltzeko, ikertzaileek dokumentazioa aztertu dute, eta elkarrizketak zein behaketa dialogikoak egin dituzte. 

Ikerketaren emaitzek, argi eta garbi, honako hau adierazten dute: 

  1. Ramon Flecha eta Jesus Gomez “Pato” izan ziren bidaia hori proposatu zietenak Valentziako Sailari eta Paulo Freireri.
  2. Horren arrazoia Valentziako parlamentuak Helduen Prestakuntzari buruzko Legea onartu izana da. Lege horren aurreproiekturako txostena zein zirriborroa Ramon Flechari eskatu zitzaizkion, eta hura egiteko kontratatu zuten. 
  3. Argitalpen batzuek bidaia horren zentzua zein Freireren lana bera desitxuratzen dituzte. 
  4. Inpaktua sakonagoa izan da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan. Helduen Hezkuntzan, aldiz, iragankorragoa izan da. 
  5. Valentziako hezkuntzak partekatzen dituen balioen ondorioz, gero eta jende gehiagok eskatzen du desitxuratze horiek gainditzea eta Paulo Valentzian izatea ahalbidetu zutenei merezitako errekonozimendua ematea. 

Amaitzeko, ikerketan parte hartu zuten pertsona guztiek honako hau adierazi zuten: ez dagoela Valentziako hezkuntzara hedapen eta parte-hartze demokratikoa ekarri zuten hezkuntza-mugimenduen aurrekaririk, ikas-komunitateak egiten ari diren bezala. 

Hori dela eta, horietako askorentzat zentzu sakona du Paulo Freirek Valentziara egindako bidaiaren inguruko gertakari guztiak kontatzea. Zehazki, “Pato” eta Flecharen ilusioan amets egiten hasi zirenetik. 

Egilea: Ane Olmedillo