Mexikon ere gertatu da. Guadalajara hiriaren periferian, oso zaurgarria den testuinguruan, indarkeria oso zabaldua dagoen lekuan. Ikastetxe horrek zituen bere inguruko emaitza okerrenak. Baina aldaketak egin zituztenetik bi urte pasatu zirenerako, ikastetxe hori batezbesteko nazionalaren gainetik zegoen irakurketa-gaitasunean, hizkuntzan eta matematikan. Gainera, indarkeria nabarmen murriztu zen: gertaera larrienak (drogak eramatea, labanak eramatea, pistolak eramatea, borrokak, mehatxuak eta bullyinga) % 54 txikitu ziren, jokabide desegoki larriak (jokabide desafiatzaileak, hizkera erasokorra, lapurretak) % 86, eta jokabide desegoki arinenak % 75.

Kasu hori aztertzen duen artikulua argitaratu berri da Cambridge Journal of Education aldizkarian, hain zuzen, ranking guztietan Europako unibertsitate onena den Cambridgeko Unibertsitateak daukan hezkuntza-arloko aldizkarian. Alfonso Rodriguez-Oramas-ek eta beste hiru ikertzailek argitaratu dute. Kasu horretan, 6 eta 12 urte arteko haurren bilakaera aztertu dute.

Gakoa hezkuntza-jarduera arrakastatsuak aplikatzea izan da. Solasaldi literario dialogikoak, talde elkarreragileak eta liburutegi tutorizatua jarri zituzten martxan.

Familien partaidetza funtsezkoa izan da eraldaketan. Ikastetxean 6 eta 12 urte arteko 400 ikasle daude. Hasi zirenean, 2015ean, familietako 10 kide baino ez ziren hasi jarduera arrakastatsuetan parte hartzen. Baina 2018. urterako 180 ziren. Beste era batera esanda: 2015ean ikastetxeko familien % 20k hartzen zuen parte, baina, hiru urte geroago, 2018an, kopuru hori % 60 eta % 70 artekoa zen. Lehenengo 10 boluntario horien esperientzia ona izan zenez, boluntario horiek jende gehiago gonbidatzen hasi ziren, 180 boluntario izan arte.

Irakasleek familiekiko zuten ikuspegia aldatzea ezinbestekoa izan zen. Boluntario asko eta asko eskolatu gabeak ziren, baina, haien ekarpenari esker, haien seme-alaben konfiantzak eta autoestimuak gora egin zuen, ikasleen motibazioa ere ikaragarri handitu zen, bizikidetza nabarmen hobetu zen, eta emaitza akademikoen bilakaera sekulakoa izan zen.

Ez da kasu bakana. Gaur egun Europako eta Amerikako 9.000 ikastetxetan baino gehiagotan aplikatzen dituzte jarduera arrakastatsuak. Zenbait ikastetxek oihartzun handia izan dute, emaitza harrigarriak lortu dituztelako. Horietako baten kasua, La Paz ikastetxearena, hain zuzen, aldizkari berean aztertu zuten 2013. urtean, Cambridge Journal of Education aldizkarian. Aldizkari horren historia osoan gehien irakurri den bigarren artikulua da. Hari horri jarraituz, aldizkari berean 2021. urtean argitaratu berri den artikuluak are argiago erakusten du hezkuntza-jarduera horiek eraginkorrak direla edozein testuingurutan: Albaceten, ijitoak gehiengo diren auzo batean; Cambridge-ko eskualdean, klase ertain eta ertain-altuko haur ingelesak joaten diren eskoletan; Mexikoko Guadalajaran, indarkeria eta pobrezia nagusi diren testuinguru batean. Behar bezala aplikatzen direnean, ez dute parekorik.

Egilea: Harkaitz Zubiri