Zalantzarik gabe, honako hau bai emakumeei bai gizonei kalte egiten dien baieztapena da: “gizon guztiak berdinak dira”. Schubert eta kideek aurrera eramandako ikerketak, “Stop Blaming me for What Others Did to you: New Alternative Masculinity ‘s Communicative Acts Against Blaming Discourses”, Frontiers in Psychology aldizkari zientifikoan argitaratutakoak, gezurtatu egiten du mito hori. 

Ikerketak diskurtsoetan sakontzen du, komunikazio-metodologiaren bidez. Emakume batzuek indarkeriaren errua gizon guztiei egozten dieten diskurtsoak aztertzen dira, adibidez, genero-indarkeria gizonen izaeraren errua dela esatea edo “gizon guztiek egiten dute” esatea. Ebidentzia zientifikoei esker, badakigu hori ez dela horrela. Gizon guztiak ez dira biolentoak, eta gizon askok ez dute inoiz indarkeriarik erabili, alderantziz, asko indarkeriaren aurka daude, eta batzuk emakumeen ondoan horren kontra borrokatzen dira.

Maskulinotasun motak kontuan hartuta, indarkeria erabiltzen dutenak maskulinotasun tradizional dominatzaileen (MTD) taldearen barruan daude; ez, aldiz, maskulinotasun tradizional zapalduen (MTZ) taldeko gizonak, ezta maskulinitate alternatibo berrien (MAB) taldekoak ere. Hala ere, horrelako esaldiak gizon konkretu bati leporatzen zaizkionean, errua berari egozten zaionean, bi mota horietako batekoa izan ohi da, edo MTZ, edo MAB, eta ez dira horrela zuzentzen hori egiten dutenengana, hau da, MTDengana.

Bestalde, MABen erantzunetan ere sakontzen da. Beren burua mespretxuz eta erruduntasunez tratatzen uzten ez duten gizonek komunikazio-ekintza eraldatzaileak egiten dituzte, erruduntasun-diskurtsoak haiengana ez ditzaten bideratu, eta, horrela, gizonei buruzko diskurtso hegemonikoa hausten dute, berdintasunezko diskurtsoak defendatuz, emakumeak errespetatuz. 

Genero-indarkeria gainditzeko borrokan, funtsezkoa da MAB gizonek indarkeria hori erabiltzen duten beste gizon batzuen kontra eta gizonen aurkako erruduntasun-diskurtsoak erabiltzen dituzten emakume batzuen kontra duten jarrera.

Beraz, baieztapen orokor horiek hainbat balioren aurkakoak dira, hala nola elkartasun, askatasun, errespetu edo maitasunaren aurkakoak. Hitzek kalte izugarria egin dezakete, pertsona batzuk gizarteak pentsatzen duenaren arabera jokatzeko baldintzatuta egon daitezkeelako. Ebidentzia zientifikoei esker, diskurtso negatiboak gainditzeko bidean aurrera egiten jarraitzen dugu, eta gizartea eraldatzeko apustua egiten dugu, errespetuz, maitasunez eta grinaz betetako harremanen alde eginez.

Egilea: Garazi Alvarez