“Maila sozioekonomiko baxuko edo maila akademiko txikiko familia-egoerek haurren eskola-porrota azaltzen dute” hezkuntza-arloan zabaldu den mitorik kaltegarrienetako bat da. Korrelazioa kausalitatearekin nahasten denean hori pentsatu ohi da, eta, ondorioz, hezkuntza-emaitzarik txarrenak justifikatu nahi dira, desberdintasun sozioedukatibo horiek gainditzeko ikasgeletatik zer egin dezakegun kontuan hartu barik.
Journal of Educational Psychology aldizkari zientifikoan, Dearing eta kideek familiek eskolan duten parte-hartzearen eta ikasleen alfabetatze-mailaren arteko lotura aztertu zuten. Ikerketarako, 21 ikastetxetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 403 ikasleren emaitza akademikoen lagina bildu zen, eta epe luzeko jarraipena egin zen 3 urtean zehar. Emaitzek erakusten dutenez, haurren alfabetatze-arrakastaren faktore erabakigarria da haien familiek eskoletan duten hezkuntza-partaidetzaren maila, eta ez abiapuntuko maila akademikoa, kulturala edo sozioekonomikoa. 

Ikerketa horretan parte hartu zuten familia ahulenak funts publikoekin finantzatutako esku-hartze baten barruan zeuden. Esku-hartze horren barnean, haurrentzako kalitate handiko hezkuntza eta haien familiek laneko prestakuntza- eta orientazio-prozesuetan parte-hartzea zeuden, haurren garapena hobetzeko eta, aldi berean, familien enplegu-aukerak eta autosufizientzia ekonomikoa areagotzeko.

Ikerketaren ondorio nagusien artean, alde batetik, ikusi zuten, familien hezkuntza-maila edo maila sozioekonomikoa edozein zela ere, haien eskolako partaidetza handitzen zenean, beren umeen emaitza akademikoak gero eta hobeak zirela. Bestetik, eskoletan parte hartzen ez zuten familien kasuan, nahiz eta ikasketa-maila eta egoera sozioekonomiko pribilegiatuak izan, beren umeen emaitzak ez ziren hain onak, baldin eta eskoletan parte hartzen zuten familietako ikasleekin konparatzen baditugu.

Ikerketak erakusten duenez, ahaleginak familia ahulenen parte-hartzea sustatzera bideratzen direnean, handitu egiten da hezkuntza-sistemek abiapuntuko desberdintasunei aurre egiteko duten gaitasuna. Horregatik, familien hezkuntza-partaidetza sustatzea funtsezkoa da, hau da, komunitateak sortzen dituen hezkuntzako politiken eta praktiken helburu nagusia izan beharko litzateke, testuinguru kalteberetako haurren eskola-porrotaren arriskua desagerrarazteko.

Egilea: Garazi Alvarez