Ikasturtehasiera ikaskideekin eta lagunekin berriz elkartzeko garaia da, ikasgelak, materiala eta abar estreinatzeko sasoia da, baita errepasoak egiteko momentua ere. Irakasleoi ere garrantzitsua iruditzen zaigu zenbait kontzeptu eta eduki errepasatzea, ikasturte berrian hartu ditugun eta beharko ditugun hainbat eta hainbat erabaki bideratzen lagundu diezaguketelakoan. Horien artean daude Horizonte Europa programaren lehentasunak, eta bereziki, hezkuntzamitoei, ebidentzia zientifikoei eta gizartean eragina duten ebidentzia zientifikoei erreferentzia egiten dizkietenak.
Hezkuntzamitoez ari garenean, oinarri zientifikorik ez duten baina hezkuntza-komunitatearen zati batek (irakasleak, unibertsitateak, familiak…) sinesten dituen ideia faltsuez ari gara, eta okerrena da, horien arabera, ikasleei kalte egiten dieten erabakiak hartzen direla, bereziki egoera ahulenean daudenei. Beraz, hezkuntzamito horiek ekitatearen eta hezkuntzarako eskubide unibertsalaren aurka lan egiten dute, hori eskola batean plaza izateko eskubidea baino zerbait gehiago delako: arrakasta akademikorako eskubidea izatea.
Mota guztietako hezkuntzamitoen adibideak daude: eskola-errendimendua ikasleen maila sozioekonomikoarekin lotuta dago; gutxiengo etniko eta/edo kultural jakin batzuetatik datozen pertsonek ezin dute arrakasta akademikorik izan; mailen arabera bereizteak ikasle guztien emaitza akademikoak hobetzen ditu; ijito-familiek ez dute interesik beren seme-alaben hezkuntzan; ikasteko estiloen arabera irakatsi behar da; haurrak ezin dira irakurtzen hasi, behar bezain helduak izan arte; ona da haurrak noizbehinka eskolan aspertzea; haur txikiei gelan zer egin nahi duten aukeratzen utzi behar zaie, garrantzitsuena baita umeak zoriontsuak izatea kontuan izanda ikasteko denbora luzea izango dutela; beste herrialde batzuetatik datozen neskamutilek hobe dute eskola berezietan egotea eskolako hizkuntza/k ikasi arte; gonak altxatzen dituzten mutilei ez zaie jaramonik egin behar, haurren jolasak direlako…
Oso zerrenda zabala denez, luze jarrai genezake, baina, zorionez, gaur egun, zorte ona dugu: hezkuntzaren arlo guztietan gero eta ikerketa gehiago dago, eta gero eta errazagoa da aldizkari zientifikoak eskuratzea. Aldizkari zientifiko horietan, ikertzaileek beren aurkikuntzak argitaratu aurretik, euren parekoekin partekatzen dituzte, eta argitaratu eta gero, partekatze horrek jarraitu egiten du, beraz, aurkikuntza horiek ezeztatuak edo baieztatuak izan daitezke, betiere era publikoan.
Aurkikuntza argitaratu horiei ebidentzia zientifiko deitzen diegu, ez dira egia absolutuak, baina une jakin batean gai jakin bati heltzeko froga erabilgarri onenak dira, baina ez ahaztu, esan dugun bezala, gai horri buruzko ikerketek aurrera egin ahala, aldaketak egon daitezkeela.
Oso garrantzitsua da ebidentzia horiek ezagutzea eta hezkuntzamitoak desmuntatzea, baina, haratago joan daiteke, beste urrats bat eman, eta gizartean eragina izan dutela erakutsi duten ebidentzia zientifikoak sustatu; hau da, gure kasuan, gure ikastetxeetan gertatzen diren emaitzadesberdintasunak gainditzeko bidean aurrera egiteko gai direla erakutsi duten ebidentziak.
Gizarte-eraginari buruzko ebidentzia zientifikoek argi uzten dituzte beren mugak, eta adierazten digute zein diren ondo funtzionatzen dutenak ikastetxe edo testuinguru jakin batean, eta zein diren hobekuntzak lortzen dituztenak zorroztasunez inplementatzen diren edozein testuingurutan. Beraz, ezinbestekoak dira gure lanbidean.
Horiek eskuratzeko, aldizkari zientifikoez gain, EBko Hezkuntzaren Zuzendaritza Nagusiak European Toolkit for Schools du martxan, eta gizarte-inpaktuaren ebidentzia zientifikoetan oinarritutako praktikak biltzen ditu. Hezkuntzamitoak desmuntatzeko argudio eta ebidentzia zientifikoak jasotzen dituzten plataformak ere badaude, hala nola Addhayana, Sappho. Kaierak ere gizartean eragina duten ebidentzia zientifikoak zabaltzen laguntzeko helburua du.
Egilea: Luisa Maria Pueras