Une batez, itxi begiak eta pentsatu nolakoa zen zuen ametsetako mutila, nerabeak baino ez zinetenean. Ikerketa batek jakinarazten zigun bezala, litekeena da mutil ideala izatea. Hala ere, urte batzuk geroago, besteak beste, komunikabideek sortutako diskurtso nagusi hertsatzailearen ondorioz, baliteke “mutil gaizto” batek erakartzea. Berdinen arteko elkarrekintzei, filmei, telesailei esker, “mutil gaiztoak” edo, beste modu batean esanda, “txuloak” eta horrelako jarrerak eta ezaugarriak dituztenak popularrak eta erakargarriak bihurtu ditugu. Gainera, “mutil zintzoak” edo errespetuzko eta maitasunezko jarrerak dituztenak ez ditugu erakargarritzat jotzen, lagun ontzat baizik. 

Rodriguez Mellok eta kideek argitaratu duten artikulu zientifikoaren helburua da filmetan agertzen diren harreman-ereduak desegitea, nerabeen komunikazio-ekintzetan eragin handia dutela erakutsi baitute. Horretarako, “3 metro zeruaren gainean” filma hartzen dute adibidetzat, non jarrera matxista bortitzekiko desira sustatzen duen diskurtso nagusi hertsatzailea errepikatzen den.

Dakigunez, gaur egun indarkeria adin guztietan eta maitasun-harreman mota guztietan ager daiteke, egonkor zein noizbehinkakoetan. Indarkeria horrek osasun-ondorio larriak eragiten ditu, hala nola depresioa, antsietatea edo norbere buruaz beste egiteko joera.

Artikuluak 3MSCren ustezko “amodio-istorioan” nerabeen arteko harremanetarako erreferente bihurtu den diskurtso nagusi hertsatzailea ugaritzen ari dela azaltzen du. Neska-mutilek protagonisten profilen eta jarrera-ereduen eragina jasaten dute, hala nola protagonista maskulinoaren jarrera gordin, harroputz eta bortitza, neskaren arreta erakar dezan; protagonista femeninoa, aldiz, jarrera otzanago, delikatuago eta ahulagoarekin agertzen da. Autoreek antzematen dute mutilari buruzko komunikazio-ekintzak desiraren hizkuntzaz beteta daudela eta, arrakastaz, neskaren bihotza lortu duen heroi gisa aurkezten duela filmak; hau da, maskulinitate tradizional menderatzailearen erakargarritasuna sustatzen du, zeinak jeloskortasun-ereduak mantentzen baititu uneoro harremanetan, neskaren gaineko kontrolean eta indarkeriazko jarreran. Estrategia faltsuak eta engainuzkoak nola erabiltzen dituen ere argitzen da.

Era berean, artikuluak adierazten du, diskurtso hertsatzailearekin amaitzeko eta harreman osasuntsuetan lagunduko duen desiraren hizkuntza sustatzeko, solasaldi dialogikoek, maskulinitate alternatibo berrietako gizonen parte-hartzearekin, filmaren harreman afektibo-sexualari buruzko pertzepzioa eralda dezaketela, baita eragin negatiboa arindu eta harreman osasuntsuak desiragarri bihurtu ere.

Laburbilduz, ikus-entzunezko produktu jakin batzuetatik sustatzen diren ondorio negatibo horiekin amaitzeko, nerabeei hitza eman behar zaie espazio dialogikoetan, jarrera kritikoa eta berdintasunezko balioak sustatzen dituzten eta harreman sozioafektibo osasuntsuak erakargarri egiten dituzten elkarrekintzekin.

Egilea: Ainhoa Bilbao