“Literacy is freedom” (alfabetatzea askatasuna da). Hori da Reach Every Reader-en lana gidatzen duen leloa. Estatu Batuetan alfabetatze goiztiarrean ikusitako emaitza txarrei erantzuna emateko jaio zen irakasle, familia, ikertzaile eta produktu-sortzaileen arteko kolaborazioaren bidez, ume guztiek irakurtzeko maila ona lor dezaten. Beraz, ez dute arazoa ikertzen bakarrik, soluzioak bilatzen dituzte. Harvard, Massachusetts Institute of Technology, Florida Center for Research eta College of Communication & Information ari dira elkarlanean proiektu horretan.
Hala, bost esparru nagusi hartzen dituzte kontuan: haur hezkuntza baino lehenagorako irakurmena sustatzea; ebaluazioa, egon daitezkeen arazoak azkar detektatzeko; haur hezkuntzatik lehen hezkuntzarako programa; helduentzako laguntzak, haien inguruetako umeei nola lagundu jakiteko; eta programaren emaitzak beste instituzio eta talde batzuekin partekatzea.
Konkretuki, beste baliabide batzuen artean, familientzako doako hiru aplikazio diseinatu dituzte: Animal Antics, Photo Play eta Small Wonders. Hiru aplikazio horiek haur hezkuntza baino lehenagoko alfabetatzea garatzean oinarritzen dira, gurasoen edo zaintzaileen eta umeen arteko elkarrizketan oinarrituta. Hiru aplikazioak zientifikoki baliozkotuak izan dira hainbat ikerketaren bidez. Ikerketen emaitzek erakutsi dutenez, aplikazioek elkarrizketa aberatsak sustatzen dituzte gurasoen seme-alaba txikien artean. Gainera, familientzako eta hezkuntzako profesionalentzako erremintak ere diseinatzen ari dira.
Irakurmen-maila eskasa izatea eskola-porrotarekin lotuta dagoela erakutsi du ikerketa zientifikoak. Horren aurka, Reach Every Readerek ume guztientzako hezkuntza-arrakasta bilatzen du.