Barbara Rogoff (Los Angeles, Kalifornia, 1950) psikologo eta hezitzaile estatubatuarrak garapena-ikaskuntza harremana ikuspegi soziokulturaletik landu du. Hainbat kulturatan harreman horren adierazpenak aztertzera bideratu da haren ikerketa. Bereziki interesatzen zaizkio lankidetzaren alderdi kulturalak, behaketaren bidez ikastea, haurren interesa eta etengabeko gertaeren inguruko arreta bizia, helduen rolak gidari edo monitore gisa, eta haurrentzako kultur ekintzetan edo adinaren araberako haurretara bideratutako inguruneetan parte hartzeko aukerak.
Psikologia antropologiarekin lotzen du, Vygotsky-ren lanei jarraituz, eta ikuspegi soziokulturalean zentratzen da, ikaskuntza-komunitate baten diseinuan eta eraikuntzan. Psikologiaren eta filosofiaren kontzepzio indibidualistetatik haratago joateko asmo esplizitua erakusten du. Ideia nagusia da gizabanakoak gizarte-jardunbideetan parte hartzen dutenean ezagutzera iristen direla. Hortaz, ondorio orokorra da giza garapena prozesu kultural gisa ulertu behar dela. Garapenak berekin dakar dagokion komunitate kulturalaren tresna intelektualez eta trebetasunez jabetzea. Prozesu horretan, gizabanakoak komunitate kulturaletan aktiboki parte hartzen duten heinean garatzen dira, eta komunitate horiek beren bilakaera historikoan sortu dituzten tresna eta sistema sinbolikoez jabetzen dira. Askotariko interakzio sozialetan, tresna eta sistema horiek pixkanaka erabiltzen dituzten ikastun bihurtzen dira, menderatu eta eraginkortasunez erabili arte, talde sozialaren jarduerak definitzen eta gauzatzen diren testuinguruan. Rogoffek planteatzen duenez, garapen kognitiboa gizarte-jardueretan modu gidatuan parte hartuz gertatzen den ikaskuntzaren emaitza da, parekoen eta helduen laguntzarekin, trebetasunak eta ulermenak menderatzen laguntzen baitute.
Rogoffek bere ikerketetan egiaztatu duenez, lankidetza lortzeko eta sendotzeko, hizkuntza erabiltzen da, lehenik komunikabide gisa eta, gero, pentsamenduaren tresna gisa. Ikaskuntza-komunitateen proposamenak duen kontzepzio vigotskianoaren arabera, hizkuntzak rol nagusia jokatzen du, pentsamenduari forma emango dioten kontzeptuak komunikatzen baitira, bat-batekoak zein zientifikoak. Komunikazio-prozesuek eta jardueretan elkarrekin parte hartzeko prozesuek haurra behartzen dute ikasitakoa arazo berrietan aplikatzeko ezagutza eta trebetasuna zabaltzera.
Ikaskuntza eta pentsamendua ikaskuntza gisa aipatzean, Rogoffek erakusten du haurrek eta gurasoek arreta partekatuko prozesu sotilak nola egiten dituzten, eta haurrek, helduen laguntzarekin, nola lortzen duten gizarte-erreferentziak eta arazoak konpontzeko eta gizarte-eskaerei erantzuteko moduak ikustea.
Rogoffek bereizi egiten ditu parte-hartze gidatua eta aldamioa. Parte-hartze gidatua da gure ikasleei laguntzea helduen antzeko jarduerak egiten dituzten bitartean. Aldamioetan, helduek eta gaitasun handiagoa duten beste pertsona batzuek gida edo egituraren bat eskaintzen dute, haurrek beren garapen hurbileko eremuan zereginak egin ahal izateko.
Rogoff ohartu da garapen hurbileko eremuari, aldamioari eta haurren eta helduen arteko interakzioari buruzko ikerketa gehienak Estatu Batuetako eta Europako klase ertaineko herrietan egin direla. Ikerketetan ondorioztatzen du kultura desberdintasunak daudela praktikei eta kultura bakoitzeko haurrekin egiten diren jarduerei dagokienez.
«Funtsezkoa da gizabanakoen jarduera kognitiboak beren pentsamendua murgilduta dagoeneko testuinguru kulturalean aintzat hartzea. Giza herentzia garrantzitsua da, gizabanako berri bakoitzak bere arbasoengandik, hurbilagotik edo urrunagotik, oinordetzan jasotzen dituen balioen eta trebetasunen ondareagatik, eta bere zaintzaileen eta berdinen laguntzarekin praktikatzen duenagatik».
Barbara Rogoff Harvard unibertsitatean hezi zen. Apprenticeship in Thinking (1990) liburuak American Educational Research Association-en Scribner saria jaso zuen, Learning Together: Children and Adults in a School Community (2004) finalista izan zen American Psychologist Association-eko Maccoby Award-en, eta The Cultural Nature of Human Development-ek (2003) American Psychological Association-en William James Book saria irabazi zuen. Haren azken liburua, Developing Destinies (2011), Guatemalako maia herri batean egindako hiru hamarkada baino gehiagoko ikerketan oinarrituta dago.
Egilea: Mª Luisa Jaussi