Bederatzi eta hamar urte bitarteko umeek ez dute soilik azken orduko telesailaren inguruan hitz egiten, edo aurreko eguneko futbol partiduaren inguruan. Jakin badakigu testuinguruak zeresan garrantzitsua duela umeen ikasketetan eta garapenean. Hartara, gizartearen balio garrantzitsuena sakonki lantzen duten liburuak eskaintzen badizkiegu, umeen hausnarketak eta ikasketak are eta sakonagoak dira.
Halaxe jasotzen du Journal of Language, Identity & Education agerkarian argitaratu berri den artikuluak: “I also like it that people care about me.” Children’s Dialogues on Values, Emotions and Feelings in Dialogic Literary Gatherings” (Nitaz arduratzen diren pertsonak gustuko ditut. Balioak, emozioak eta sentimenduei buruzko umeen elkarrekintzak solasaldi dialogiko literarioetan). Bertan, testuinguru desberdineko Espainiako 5 eskolatako lehen hezkuntzako taldeek egin zituzten solasaldi dialogiko literarioko saioak aztertu ziren.
Umeen esperientziak partekatzeko une zoragarria irekitzen zuten solasaldiek, eta, haien bidez, ikerketako 126 umeek elkarrizketa sakonetan parte hartu zuten. Adibidez, heriotzari buruzko iritziak, justiziaren alde noraino iritsi gaitezkeen, edo benetako amodioak nolakoa izan behar duen izan zuten hizpide. Gai horiek ikasleek beren esperientzia pertsonalekin, eskolako gertaerekin edota familien uste edo tradizioekin lotzen zituzten solasaldietan.
Oinarri zientifikoa duen esperientzia horrek iradokitzen du liburu klasikoek, elkarrekintzan oinarritzen den testuinguru batean, ikasleei aukera ematen dietela emozio eta balio sakonei buruz mintzatzeko.
Egilea: Andrea Khalfaoui