Esan gabe doa literatura zientifiko zabala dagoela COVID-19arekin lotutako konfinamenduak herritarrengan izan dituen ondorioei buruz: osasun mentaleko arazoak, isolamendua eta kohesio- eta enplegu-arazoak, besteak beste. Hala ere, literaturan hutsunea dago itxialdian sortutako zenbait ondorio eragiten dituzten ekintzei buruz.
Hori horrela, Padrós-Cuxart, Rodrigues de Mello, Ramis-Salas eta Duque (2021) ikertzaileek berriki argitaratu duten Dialogic gathering of films. Promoting meaningful online interactiond durgin COVID-19 confinement artikuluan, bi hilabetez itxialdian online egin zen film topaketa dialogiko batean (DGF) parte hartu zuten 53 lagunekin egindako azterlan baten emaitzak aurkezten dira.
Literatura-topaketa dialogikoak (LTD) 1978an sortu ziren lehenengo aldiz Espainiako helduen eskola batean. Azken urteotan LTDak hainbat testuingurutan zabaldu dira, eta ikaskuntzaren eta gizarte-kohesioaren hobekuntzan modu zabalean aztertu dira, baita talde ahulen artean ere, hala nola migratzaileen artean, haurren zaintza etxetik kanpo jasotzen dutenen eta erakunde zuzentzaileetan dauden pertsonen artean. Gainera, topaketa dialogiko mota berriak sortu dira: topaketa teologiko dialogikoak, topaketa pedagogiko dialogikoak, topaketa musikal dialogikoak, topaketa zientifiko dialogikoak eta topaketa feminista dialogikoak.
Halaber, topaketa dialogiko horiek antolatzen dituzten zenbait ikastetxek online egiten jarraitu dute itxialdian zehar, arrakasta nabarmenarekin. Solasaldi dialogiko guztien oinarrian dagoen funtzionamendu komuna esanahiaren eta ezagutzaren eraikuntza kolektiboa da, parte-hartzaile guztien arteko berdintasunezko elkarrizketaren bidez.
Gauzak horrela, berriki aipatutako artikuluan filmen topaketa dialogikoak aztertzen dira. Horiek, duela 20 urte sortu baziren ere, ez dira besteak bezainbeste aztertu.
Honako hauek dira azterlan horretan ikerlariek ateratako hainbat ondorio esanguratsu, besteak beste:
- Ongizate pertsonalari eta itxialdiaren kudeaketari buruzko jarrerak.
- Elkarbizitza eta berdintasunezko harremanak.
- Motibazioa eta sormena esparru profesionalean.
- Ikuspegi eta errealitate ezberdinak irekitzea, horrek eztabaida sozial, zientifiko eta etikoaren ulermena, argudiaketa eta posizionamendua hobetzen baititu.
COVID-19aren pandemiaren eskasiek bere horretan dirauten testuinguruan, garrantzi handikoa da filmen topaketa dialogikoen ekimen bat hainbat gizarte-taldetara eta testuingurutara hedatzeko modua, herritarrei isolamenduari aurre egiten eta ondorio psikosozial positiboak sustatzen laguntzeko.
Egilea: Ane Olmedillo