Irailaren 20an, Paulo Freireren omenez, “Freire: Hezkuntza, zientzia eta mundua eraldatzen dituen pedagogia kritikoa” jardunaldia egingo da. Modu birtualean, 15:30etatik 20:10etara, ikasten jarraitzeko aukera izango dugu, eta hezkuntzaren gaur egungo mundumailako erreferente handienetako baten ekarpenetan sakontzeko parada ere izango dugu, hainbat arlotako pertsona ezagunen laguntzarekin: Ana María Araujo Freire, “Chronicles of love: My life with Paulo Freire” liburuaren idazlea; Michael Burawoy, California-Berkleyko Unibertsitatea; John P. Comings, NCSALL-Harvardeko zuzendari ohia; Norman K. Denzin, Illinoiseko Unibertsitatea (Urbana); Ramón Flecha García, Bartzelonako Unibertsitatea; Andrea Khalfaoui, Deustoko Unibertsitatea; Kyung Hi Kim, Kyungnameko Unibertsitatea; Donaldo Macedo, Massachusettseko Unibertsitatea; Federico Mayor Zaragoza, UNESCOko zuzendari nagusi ohia; Roseli Rodrigues de Mello, Sáo Carloseko Unibertsitate Federala; Rima Rudd, Harvardeko Unibertsitatea, eta Marta Soler Gallart, Bartzelonako Unibertsitatea.
Freireren planteamenduak indarrean daude orain inoiz baino gehiago: haren ikuspegi kritikoa, solidarioa eta eraldatzailea; irakasleen zereginari, inplikazio pertsonal, profesional eta sozialari ematen dion garrantzia; eta zientzia gure hezkuntzan erreferente izateko premia ezinbesteko zutabeak dira XXI. mendeko hezkuntzarako. Era berean, “La educación como práctica de la libertad”, “Zapalduen Pedagogia”, “A la sombra de este árbol”, “Cartas a quien pretende enseñar” eta abar norberaren liburutegian edota solasaldi dialogikoetan falta ezin diren liburuak dira. Kaieran duela hiru urte “Zapalduaren Pedagogia” argitaratu zeneko 50. urteurrena ospatu genuen, eta “Erraldoien Sorbaldak” izeneko geure atalean haren lanaren garrantzia ere goraipatu dugu.
Jardunaldia Bartzelonako CREA-Unibertsitateak antolatu du, eta beste unibertsitate askoren (Girona, Deustu, Zaragoza, Valentzia etab.) eta irakasleen erakundeen (Iris-AEBE, Hipatia-AEBE, Asturias-AEBE, Madrilgo Mintegia, Odissea edo Adarra) laguntza du. Horiek guztiek gizarte-eragineko ebidentzia zientifikoetan oinarritutako hezkuntza sustatzen dute.
Doako jardunaldia unibertsitateko irakasleei, ikasleei, unibertsitatez kanpoko irakasleei, hezkuntza-komunitateei eta, oro har, herritarrei irekita dago, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da. Jardunaldia kalitate zientifiko handikoa, gizatiarra, nazioartekoa eta hainbat diziplinatakoa da, eta, dudarik gabe, hezkuntza eta mundua hobetzeko ekarpenak sortuko dira.
Ekitaldian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, uste baitugu energiaz eta ilusioz hornitzeko modu egokia dela, ikasturte berri honetan zailtasun guztiak aukera bihurtzea errazagoa izan dadin.
Egilea: Luisa Maria Puertas