Zientzia-hezkuntza jasotzeko orduan, zoritxarrez, desberdintasun handiak daude maila sozioekonomiko, etnia edo generoaren arabera. Oraindik hedatuta dagoen gizon, zuri eta klase ertaineko zientzialarien irudiak estatus sozioekonomiko baxuagoa duten eta bestelako etnietakoak diren ikasleek karrera zientifikoekin amestea ekiditen du. Hala ere, egoera hori gainditzen duten jardueren artean, gaurko esperientzia ikasteko denbora luzatzean (IDL) zentratuko da. IDL ekintza inklusiboa da, eta ohiko eskola-denboratik kanpo ikaskuntza eta laguntza osagarriko jarduerak eskaintzean datza.

Salvadó eta kideek artikulu honetan azaldu bezala, IDL zortzi zientzia-tailerretan antolatu zuten, Lehen Hezkuntzako estatus sozioekonomiko baxuko eta dibertsitate etniko handiko hiru eskolatan. Tailerrak fisika, kimika, zientzia, natura eta paleolitiko eta neolitikoari buruzkoak izan ziren. Tailerretan berdintasunezko elkarrizketa sustatu zen, beti ikasteko ingurune interaktiboan.

Tailerrean parte hartu zuten umeen hitzek zientzialariaren estereotipoa gainditzea islatu zuten. Hala, neskak eta mutilak zientzian bikainak izan daitezkeela ikusi eta sinistu zuten, baita beste etnietako pertsonak ere. Gainera, zientzia eskuragarria eta dibertigarria zela ikusi zuten, gizartean zientziak duen garrantzia aitortzeaz aparte. Ikasle baten hitzetan:

“Pentsatzen nuen zientzia aspergarriagoa zela, ez zela hainbeste gauza ikasten eta ez zuela hainbesterako balio. Baina hori egiteko (jarduerak) gehiago ikasi dugu, eta konturatu gara, ni behintzat, zientzia nik uste baino gehiago dela.” 

Egilea: Ane López de Aguileta