Eskolek espazio seguruak izatea bermatu beharko lukete, bertara joateko betebeharra duen haur ororen eskubidea. Hala, eskola askok kezka handia agertzen dute gai horren inguruan, eta horri aurre egiteko programak jartzen dituzte abian, nahiz eta, zoritxarrez, beti ez diren eraginkorrak, edo, are gehiago, batzuek kontrako efektua eragin dezaketen. Horregatik, funtsezkoa da inpaktu soziala duten ebidentzia zientifikoetan oinarritzen diren programak aurrera eramatea.

Ildo horretan, Zero Indarkeria Ausarten Klubak urte batzuk daramatza hainbat eskolatan ezartzen eta oso testuinguru desberdinetan eraginkorra dela erakusten. Gatazken prebentziorako eredu dialogikoan oinarritzen da. Includ-ed ikerketa-proiektuak, Europako 6. ikerketa-esparru-programaren barruan, hezkuntza-jarduera arrakastatsu gisa erakutsi zuen eredu hori. Era berean, gero eta ikerketa gehiagok ematen dituzte jazarpenaren eta genero-indarkeriaren prebentzioan duten eraginkortasunari buruzko ebidentzia zientifikoak.

Esther Rocak eta kideek berriki egindako ikerketa batek erakusten du Zero Indarkeria Ausarten Kluba estrategia eraginkorra dela kohesioa hobetzeko eta eskola-jazarpenari aurre egiteko. Egiaztatu zen ikerketan parte hartu zuten eskola guztiek hobetu zutela eskola-indarkeriari buruzko kontzientziazioa, murriztu egin zituztela indarkeriazko jokabideak, eta harreman solidarioagoak eta osasungarriagoak garatu zituztela ikasleen artean eta, oro har, komunitatearekin. Gainera, eskolek tamaina eta kokapen-mota desberdina zuten, titulartasun publikoa edo pribatua, jatorri erlijiosoa edo laikoa;  horrek iradoki zuen hezkuntzako esku-hartzeen eragina ez dagoela testuinguruaren mende, eta estrategia antzeko onurak dituzten beste testuinguru batzuetan ere gerta litekeela.

Eskola-jazarpena prebenitzen eta murrizten laguntzen duten hiru ezaugarri identifikatu zuten:

  • Dagoen indarkeria argitzeak jazarpen-kasuen gaineko isiltasuna haustea errazten du. Elkarrizketarako guneak sortzeak eskola-jazarpenari buruzko isiltasuna hausten laguntzen du, ikasleek irakasleekin edo eskolako langileekin segurtasuna bermatzeko moduei buruz eztabaidatzeko komunikazio-bideak irekitzen baititu. Ausarten Klubean elkarrizketarako aukera horiek ematen dira, eta giro seguruak sortzen laguntzen dute, biktimei salatzeko eta babesa emateko aukera ematen baitiete. Ildo horretan, irakasleek ikaskideen babesa sustatzeko egindako ahaleginek haurrak eskolan ikusitako edo bizitako gatazka-egoerei buruz hitz egitera eta jazarleen aurka aktibo izatera animatzen zituzten. Ebidentzia hori bat dator ikusle aktiboek indarkeria geldiarazteko duten funtsezko eginkizunari buruzko literatura zientifikoarekin.
  • Enpatia, errespetu, elkartasun eta adiskidetasun sentimendu positiboak sustatzea, jazarpenaren aurrean babesteko faktore gisa. Ausarten Klubak sentimendu horiek sortzeko eraginkorra dela erakutsi du. Gainera, ikasi zuten zergatik den funtsezkoa lagun onak izatea eta ondo tratatzen dituztenen artean lagunak libreki aukeratzea. Adiskidetasun horiek indartzeak ikaskideen jazarpenetik babesteko aukera eman zien haurrei.
  • Indarkeriaren erakargarritasuna murriztea. Aurretik egindako ikerketek erakutsi dute, alde batetik, jazarpen-portaerak ikaskideen ospe eta gizarte-sari handiagoarekin lotuta egon ohi direla, eta horrek portaera horiei eusten lagundu dezakeela. Baina, beste aldetik, indarkeriarako gustu, desio eta erakarpen horiek alda daitezkeela ere bai, interakzio eta elkarrizketa alternatiboen bidez. Ikerketan egiaztatu zen irakasleek eta haurrek Ausarten Klubean parte hartzeak eraldaketa horiek erraztu zituela. Modu oldarkorrean jokatzen zuten ikasleak ez ziren hain erakargarriak, eta horrek portaera bortitza aldatzera eramaten zituen.

Oro har, Ausarten Kluba eskola-jazarpenari aurre egiteko ikuspegi integrala da; izan ere, komunitate osoa ikusle aktibo bihurtzea dakar, eta, hala, bizikidetza hobetzen da eta arrakasta izateko aukerak areagotzen dira.

Egilea: Mª Luisa Jaussi