«Izan burua ilusioz beteta, aktibo, funtzionarazi, eta ez da inoiz degeneratuko». Esaldi horrek oso ondo definitzen du Rita Levi Montalciniren espiritu eta izaera humano nahiz zientifikoa. Harentzat, garrantzitsuena ondo bizitzea da, hau da, jakin-mina, pasioak eta harreman onak izatea. Egin dezagun emakume handi horren bizitzaren errepasoa.
Rita Levi Montalcini 1909ko apirilaren 22an jaio zen Turinen, Italian. Ahizpa bikiarekin batera, txikiena izan zen lau neba-arrebaren artean, aitaren aldetik judu sefardia zen familian. Aitak, matematikaria eta pentsamolde tradizionalekoa zenak, ez zuen onartzen emakumezkoek emakume eta emazte gisa zituzten lanak alde batera utzi eta karrera profesionala egiterik; hala ere, Rita Levik, espiritu independentea zuenak, medikuntza ikastea erabaki zuen, besteak beste, bere umezain eta laguna minbiziak jota hil zelako. Azkenean, aitaren laguntza lortu zuen, eta Turingo Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean egin zituen ikasketak. Amarekin zuen harremana oso berezia zen. Rita Levi harro zegoen amak izateko eta jarduteko eran izan zuen eragin erabakigarriaz. Harentzat, ama oso emakume sentibera zen, artista, lotsatia eta isila, munduaren ikuskeran interesa zuena, baina beti jarduten zuen diskrezioz eta gainerakoen nortasuna errespetatuz. Eredua izan zen Rita Levirentzat.
Rita Levi lizentziatu egin zen, eta neurologia eta psikiatria espezialitateko ikasketak hasi zituen. Ikasketa akademikoak hasi zituenetik, nerbio-sisteman jarri zuen arreta, eta unibertsitatean geratu zen Giuseppe Levi irakaslearekin (ez ziren ahaideak) lanean. Irakasle horrek eragina izan zuen Levirengan eta beste ikasle batzuengan, kontu zientifikoei heltzeko behar den zehaztasunari dagokionez, hau da, interes zientifikoari, seriotasunari eta zintzotasunari dagokienez.
1938. urtetik aurrera, ezin izan zuen unibertsitatean ikasketekin jarraitu, Mussolinik aldarrikatutako arraza-legeengatik (Il Manifesto per la Difessa della Razza), zeinek, besteak beste, juduei ikerketa-lanpostuak izateko eskubidea ukatzen baitzieten. Baina Rita Levik beti bilatu zituen konponbideak eta bestelako aukerak bere pasioekin jarraitzeko. Belgikara joan zen nerbio-sistemaren diferentziazioari buruzko ikerketarekin jarraitzera, eta, 1940an, Alemaniak Belgika inbaditu zuenean, Turinera itzuli zen; han, laborategi txikia sortu zuen bere logelan.
1943an, berak eta familiak berriro alde egin behar izan zuten nazien armadatik ihes egiteko, eta Florentzia hegoaldeko herri batean ezkutatu ziren. Oso baldintza eskasetan egon arren, Rita Levik ez zion inoiz lan egiteari utzi, eta garai horretan egindako aurkikuntzak, egun faktore neurotrofiko gisa ezagutzen direnak, geroago ikerketen oinarriak izan ziren.
Ezin izan zen Turingo Unibertsitateko lanpostura bueltatu Bigarren Mundu Gerra bukatu zen arte. 1947an, Viktor Hamburger irakasleak gonbidatu zuen, eta horrek aukera eman zion bere ikerketarekin jarraitzeko Washingtoneko Unibertsitatean, St. Louisen (Missouri, AEB). Bertan lan egin zuen eta bizi izan zen 30 urtez, eta, denboraldi horretan, nerbio-zelulek askatzen duten eta alboko neuronen adarkaduren hazkuntza eragiten duen proteina aurkitu zuen.
Brasilera egin zuen bidaia Rio de Janeiroko Unibertsitateko Biofisika Institutuko Carlo Chagas irakasleak gonbidatuta. Institutu horretan egindako esperimentuek zelula neuronalen hazkunde-faktorea identifikatzeko aukera eman zioten. St. Louisera itzuli zenean, taldea osatu zuen Stanley Cohen biokimikariarekin. Rita Levik diseinatutako in vitro sistema erabiliz, hazkunde-faktore horren lehen karakterizazio biokimikoa egin zuten. Aurkikuntza horri esker, biek jaso zuten Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria 1986an. Urteak zeramatzaten batera lan egiten, eta, behin batean, Stanek honako hau esan zion Ritari: «You and I are good, but together we are wonderful». Esaldi horrek erakusten du bi zientzialarien arteko lankidetzak eragin zuela beren ekarpenak hobeak eta garrantzitsuak izatea neurozientziarako, bakarka lan egin izan balute baino askoz gehiago.
Ekarpen zientifikoez gain, bere bizi-ibilbidean erakutsi zituen humanismoa eta giza balioak nabarmendu behar ditugu. Nobel Saria jaso zuenean, Rita Levik azpimarratu zuen laurogei Nobel saridun baino gehiago ezagutzen zituela, eta ez zirela gainerako gizabanakoak baino hobeak edo txarragoak. Harentzat, beren printzipio etikoekin harmonian bizi diren pertsonek bakarrik merezi zuten errespetu berezia, eta Nobel Saria jasotzea zorte-kontua baino ez da.
Sari hori jaso zuenetik, Rita Levi hainbat ekitaldi publikotara gonbidatu zuten, baina bera xede humanitarioak zituztenetara joateko baino ez zen prest agertu. Halaber, beste hainbat aitorpen eta sari jaso zituen, zientziarekin nahiz giza balioekin lotutakoak. Akademia zientifiko ospetsuenen kide izan zen: Accademia Nazionale dei Lincei, Pontifize Akademia, Zientzien Akademia, Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionala eta Royal Society. Era berean, Italiako Entziklopediaren Institutuaren zuzendaria izan zen (1993tik 1998ra).
Bere izena, Rita Levi-Montalcini, daukan fundazioa sortu eta zuzendu zuen, eta, haren bidez, diru-laguntzak eta hezkuntza-laguntza eskaini zituen emakume afrikarrek prestakuntza jaso ahal izateko. Leviren esker oneko lana 2001. urtean ere nabarmendu zuten, biziarteko senatari izendatu baitzuen Italiako Errepublikaren Presidenteak.
Langile ekin eta nekaezinak, 2002. urtean, European Brain Research Institute (EBRI) sortu eta zuzendu zuen, eta bertan gogor jardun zuen bere azken egunetara arte. 2012ko abenduaren 30ean hil zen, 103 urterekin.
100 urte bete zituenean, Rita Levik itxaropen eta energiaz beteriko mezua bidali zigun: «100 urterekin, 20rekin baino buru hobea dut, esperientziari esker».
Stanley Cohen-ek egun batean Rita Leviri esan zion esaldia, «You and I are good, but together we are wonderful», oso lagungarri zaigu egungo COVID-19aren krisiarekin lotutako egoerari aurre egiteko, eta zenbait pertsonak bizi dituzten egoera batzuk ere islatzen ditu. Batera lan eginez, konturatzen ari gara zoragarriak garela. Adibide asko dago, baina batzuk aipatzearren, herritarrak ikusten ditugu elkarlanean etxeetan maskarak sortzeko, babesak eta haizebideak 3D formatuan inprimatzen, pertsona zaurgarrienak eta genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeak babesteko ekintzak egiten, nagusiei arreta ematen, gure lagunei, senideei, auzokideei eta abarri kezkatuta deitzen, osasun-langileei egunero ematen dizkiegun merezitako txaloetan batasunak sortzen, eta askoz ekintza gehiagotan. Badakigu batera hobeak garela, eta hori ere badakite ospitaleetan elkarren ondoan egunero guri arreta ematen diharduten osasun-langileek, benetako heroiek. Rita Levik esaten zuen gure jarduteko erak sistema immunitarioan eragiten duela, birus eta bakterietatik defendatzen gaituen sisteman, hain zuzen. Aipatutakoen moduko ekintza solidario eta zoragarriek ere gure defentsak indartzen laguntzen digute.
Mundu osoko zientzialariek oso ondo dakite elkarlanean lan eginez eta ikerketetako aurkikuntza txikiak partekatuz emaitza hobeak lortu ahalko dituztela birusa kontrolatzeko farmakoa eta/edo txertoa aurkitzeko bidean. Aurreko edizio batean DF aldizkarian argitaratu genuen bezala, OMEren zuzendari nagusiak iragarri du mundu-mailan saiakuntza kliniko handia jarri dela martxan, zeinetan, momentuz, hamar herrialdek parte hartzen duten, askoz gehiago izatea espero den arren. Gizateria osoari eragiten dion krisia gainditzeko, inoiz baino gehiago, batu eta elkarlanean lan egin behar dugu; izan ere, «you and I are good, but together we are wonderful».
Egilea: Sara Ortega.
El Diario Feminista-tik aterata