Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko Lege Organikoa errealitate bihurtu da. Diputatuen Kongresuan 2021eko apirilaren 15ean onartu eta gero, eta, segidan, Senatuan onartu ondoren, maiatzaren 20an izan zen azken bozketa Diputatuen Kongresuan. Legea BOEn argitaratu eta 20 egunera jarri beharko litzateke indarrean.

Haurren erakundeek nabarmendu dutenez, lege horrek dakartzan aldaketarik garrantzitsuenak haurrak eta nerabeak bizitza garatzen duten eremu guztietan babestea eta indarkeriaren aurkako borrokan beharrezkoak diren fase guztiak kontuan hartzea dira: prebentzioa, detekzio goiztiarra, berehalako arreta eta suspertzea.

Izan ere, haurraren interes gorenak garrantzi handia hartzen du, interes goren hori kasu zehatz bakoitzerako zehaztu behar dela ezartzen delako, eta hori egiteko oinarrizko prozesua eta irizpideak ere ezartzen direlako. Gainera, indartu egiten da haurrei dagozkien gai guztietan parte hartzeko eskubidea eta, indarkeria egiaztatzearekin eta biktimen erreparazioarekin zerikusia duten prozedura administratibo, judizial edo bestelakoetan, haurrek entzunak izateko duten eskubidea, adin-mugarik gabe. Helburua da haiei eragiten dieten erabakiak beren ikuspegia kontuan hartu gabe ez hartzea.

Aurrerapen handia da haurrek salatzeko izango duten gaitasuna, haien heldutasuna ebaluatu beharrik gabe. 14 urtetik beherako haurrek behin bakarrik deklaratu beharko dute ikerketan zehar, eta bisita-erregimena bertan behera geratuko da genero-indarkeriagatik babes-agindua ematen denean edo seme-alabek tratu txarrak ikusi edo jasan dituzten zantzuak daudenean. Behe Ganberan, hobetu egin da banantze-prozesu osoan zehar haurrek entzunak izateko duten eskubidearen aitorpena, eta oinarri zientifikorik gabeko planteamenduak ezabatu dira, hala nola gurasoen alienazioaren sindrome deritzona.

Genero-indarkeriaren biktimen seme-alabak ere biktimatzat hartzen dira. Gainera, sexu-delituengatik aurrekariak dituzten pertsonek haurrekin harremanetan lan egitea eragotzi nahi dute.

Haurren erakundeen ustez, premiazko legea da bai biktimak babesteko, bai gizarteari haurren aurkako indarkeria mota bat bera ere ez dela onargarria erakusteko, baina ohartarazi dute, halaber, haurrak eta nerabeak babesteko beharrezkoa dela: legea lehenbailehen aplikatzea, behin BOEn argitaratuta erakunde publikoek beren neurriak abian jarri ahal izatea, hezkuntzaren bitartez prebentzioa indartzea, eta profesionalei prestakuntza ematea indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzu espezializatuen bidez.

Funtsezkoa da haurrei eta nerabeei eragiten dieten prozedura guztietan entzutea eta ingurune seguruak ezartzea hainbat eremu garrantzitsutan, hala nola Interneten, familian edo ikastetxeetan. Era berean, garrantzitsua da mekanismo egokituak, seguruak eta konfidentzialak sartzea, haurrek eta nerabeek indarkeria-egoerak komunikatu ahal izan ditzaten.

Asko daukagu egiteko, beraz.

Egilea: Isabel Mendizabal