Irakasleek zeregin garrantzitsua dute hezkuntza-hobekuntzan, egunero eskoletako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan parte-hartzen baitute. Haien irakaskuntza-praktikek eta hezkuntza-komunitateekin harremanetan jartzeko moduak eragina dute ikasleen bizi-ibilbidean, eta horrek ikasleen abiapuntuko baldintzak erreproduzitzen lagundu dezake, edo, aitzitik, haiek eraldatzen. 

Dagoeneko badira zenbait hamarkada pedagogia kritikoak zera adierazten duela: irakaskuntzak desberdintasunak gainditzen laguntzen du, batez ere modu kritiko, zientifiko eta askatzailean ulertzen denean. Aitzitik, gure hezkuntza-sistemetan nagusi diren dinamika burokratiko eta banku-dinamikek lagundu egiten dute desengainua, apatia eta irakasleek beren lanbidearekiko zuten zentzua galtzen. Horrek murriztu egiten du hezkuntzak gizarte-errealitateak eraldatzeko duen gaitasuna. 

Gauzak horrela, tertulia dialogiko pedagogikoek berriki aipatutako egoera horri aurre egitea ahalbidetzen dute. Tertulia dialogiko pedagogikoak ikaskuntza dialogikoan oinarritutako prestakuntza-espazioak dira, non irakasleek hezkuntza-jardueren gizarte-eraginaren ebidentzia zientifikoak eskuratzen dituzten. 

Hainbat ikerketak hezkuntza-jarduera horrek Espainian duen eragina aztertu badute ere, oraindik ere ez da ikertu nolako eraginkortasuna izan duen Latinoamerikako testuinguruetan. Hori horrela, Flecha eta Rodríguez Oramas (2021) ikertzaileek hutsune hori bete nahi izan dute artikulu honen bitartez: Recuperando el sentido de la profesión docente a través de tertulias pedagógicas dialógicas: voces de profesorado de la Sierra Nórte de México

Azterlana egiteko, ikertzaileek, ikuspegi komunikatzailea ardatz zuten elkarrizketa erdiegituratuak egin zizkieten Hauauchinango landa-eskualdeko (Mexikoko Iparraldeko mendilerroa) hainbat irakasleri. 

Ikerketako emaitzek honako hau baieztatzen dute: alde batetik, solasaldi pedagogiko dialogikoen bitartez Huauchinangoko maisu-maistrek hezkuntzaren zentzu eraldatzailea berreskuratu zutela, eta, bestetik, horrek eragin positiboa izan zuela eskoletan duten hezkuntza-jardunean zein ongizate pertsonalean.

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi