Bullying-a eta ziberbullying-a mundu osoan gertatzen diren fenomenoak dira, osasun fisiko eta psikologikorako erabat kaltegarriak direnak. Orain arte, haurtzaroko eta nerabezaroko jazarpenari buruzko ikerketa ugari egin dira, baina helduaroan dituen ondorioetan gutxiago sakondu da, batez ere ziberbullying-aren kasuan.
Bide horretatik, “Perceived long-term outcomes of early traditional and Cyberbullying victimization among emerging adults” bullyingaren eta ziberbullyingaren epe luzeko ondorioak aztertzen dituen ikerketa da. Ikerlan horrek haurtzaroan eta/edo nerabezaroan bullying edo/eta ziberbullying-a jasan dituzten pertsonek nagusiak direnean nabarmentzen dituzten ondorioak aztertzen ditu. Parte-hartzaileak 19 eta 25 urte bitarteko 10 heldu dira, online eta offline jazarpenak bizi izan dituztenak.
Ikerketan, parte-hartzaileei bizi izan dituzten jazarpen-esperientziak kontatzeko eta beren oraingo bizitzetan duten eraginari buruz hausnartzeko eskatu zitzaien. Beren istorioa kontatzeko prest zeudenean, elkarrizketatzaileak informazioa gehitzeko eskatu zien, eta, elkarrizketaren azken fasean, galdera espezifikoei erantzun zieten. Azpimarratu behar da ikerlan horren emaitzak ezagutzeko narratiba biografikoaren interpretazio-metodoa ezinbestekoa izan dela. Ikuspuntu horrek bizitako egoerak eta esanahi pertsonalak irudikatzen dituzten narrazioak lortzen ditu, parte-hartzaileen kontakizunak berreskuratuz eta interpretatuz.
Emaitzen arabera, haurtzaroan edo nerabezaroan edozein biktimizazio mota (bai era tradizionalean, bai online) jasateak helduaroan inpaktu negatiboa du; adibidez: beste pertsona batzuekin elkarreragiteko orduan, informazio pertsonala partekatzeko segurtasunik eza edo beldurra; autoestimu-maila eta antsietateak, antsietate soziala, konpromisoarekiko beldurra eta banatzeko antsietatea barne; gatazkak, erasoa eta jazarpena saihestu edo alde batera uzteko joera, nahiz eta haietako gutxi batzuek adierazi ez direla ikusle aktibo izatearen eta biktimak defendatzearen beldur.
Hala ere, heldu batzuek inpaktu positiboak adierazi zituzten: haien jazarpen-esperientziek kritikoagoak bihurtu zituzten, hobeto bereizteko nor har dezaketen benetako laguntzat; haien esperientziak lagun sendo eta iraunkorrekin gertatu ziren, edo harreman erromantikoak izan zituzten jazarpenagatiko biktimizazio-urteetan babesa eman zietenekin; eta gehienek uste zuten beren esperientziek pertsona “hobeak” eta “indartsuagoak” ere bihurtu zituztela, hala nola errukiorragoak eta solidarioagoak, justiziaren zentzu handiagodunak eta erresistenteagoak.
Amaitzeko, emaitzek agerian uzten dute, halaber, prebentzio-programak behar direla eskoletan, haurrek eta nerabeek modu seguruan elkarreragin dezaketen eta desberdintasunak aitortu eta estigmatizatu gabe hartzen diren inguruneen sorrera sustatzeko.
Egilea: Garazi Alvarez