Txikia zenean, Gloria Ladson-Billings-ek eta bere lagunek ez zekiten nola erantzun “nagusitan zer izan nahi duzu?” galderari. Izan ere, Filadelfiako langile-klaseko auzo hartako afroamerikar umeek ez zuten amesteko aukera handirik izan. 

Hala ere, ikertzaile famatua bihurtzea lortu du, irakasleen irakasteko era aldatu baitu bere ikerketarekin. Wisconsin University-ko Hezkuntza Fakultateko lehen emakume afroamerikar irakasle titularra izan zen. 

Derrigorrezko ikasketak amaitu eta gero, irakasle izateko ikastea erabaki zuen. Eskoletan eman zuen denborak galdearazi zion zergatik ateratzen zituzten ikasle afroamerikarrek emaitza txarrak. Beraz, horri erantzuteko, doktoregoa egin zuen Stanford University-n. Horren emaitzen artean, ikusi zuen ikasle afroamerikarrak ikasgeletan arazotzat eta adimen urrikotzat jotzen zirela. 

Wisconsin Universityn egindako lana kultura minoritarioetako ikasleek pairatzen dituzten desberdintasun akademikoak txikiagotzera bideratu da. Nahiz eta erretiratu berri den, guztien arrakasta akademikoa lortzeko lan egiten jarraitzen du.