Agáta Berková 11 urteko xakelari erromaniarrak estereotipoak hautsi ditu Eslovakian, gizonak eta adin nagusiko jokalariak nagusi diren kirolean. Zortzi urteko txapelduna izan zen bere herrialdean, eta bosgarrena Europako Txapelketan. Berková bere aita Milan Berkorekin entrenatzen da, eta horri esker, bere adinekoekin eta helduekin entrenatu ahal izan da, baita Eslovakia osoan eta Europako zati batean bidaiatu ere; hala, txapelketa handietan parte hartu du eta ikusle izan da.
Talde helduari ez zion Errusiara lagundu txapelketan, baina Karpov errusiar xake-maisu handiarekin bi aldiz topo egin ahal izan zuen aldi berean hainbat taulatan jokatu eta berdintzeko. Agátak ere berdinketa lortu du Kanadako txapelduna den Tomáš Krňan-en aurka, eta, aitak esan duenez, ospe handiko jokalari heldu bati irabazten ari zitzaionean, hark amorruz bota zituen piezak, ezin baitzuen neska baten aurka galdu, are gutxiago erromaniar baten aurka.
Agáta ez da xakean emaitza handiak lortzearekin bakarrik konformatzen, ahaleginak egiten ditu eta nota onak ateratzen ditu eskolan, abokatu edo zientzialari izatea gustatuko litzaiokeelako autismoa duten bere nebentzako sendabide bat asmatzeko.

Haren aitak eta entrenatzaileak, ‘Hrochotski jezdci’ xake-taldeko (Hipopotamoen zaldizkoak) kide denak, lehengusu batekin hogeita bost urterekin ikasi zuen jokatzen, eta, gaur egun, hainbat haur-talderi irakasten die, gehienak erromaniarrak; haren hitzetan, “trebetasunak bizitzan espero zuten baino etorkizun hobearen perspektiba ematen die”. “Haurrak xakean jokatzen hasi zirenean -dio Berkok-, urte erdi igaro ondoren, munduari eta beren etorkizunari beste begi batzuekin begiratzen ziotela konturatu nintzen”. Haur guztiek bigarren mailako eskola amaitu zutela azaldu zuen, eta nota onak izatea parte hartzeko baldintza bat zela gaineratu. Entrenatzen dituen mutil batzuek hiperaktibitate-arazoak edo drogak kontsumitzen zituzten familiak dituzte, eta, pixkanaka, xakeak lagundu die egoera horietan.

Egilea: Luisa Mari Puertas