Literatura zientifikoaren arabera, Gorpuz Hezkuntza ikasgaian esklusioa sor dezaketen zenbait egoera nagusi daude: desgaitasuna, konpetentzia motor ahula, itxura fisikoa, orientazio sexuala, eta abar. Hala, kalitatezko Gorputz Hezkuntza inklusiboa ziurtatzeak irakasleek gaiari buruz jakitea eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako praktikak egitea dakar. Azken urteetan, arlo horretan gero eta ikerkuntza gehiago egiten ari dira ikasgeletako dibertsitateari erantzun ahal izateko. Beraz, Pérez-Gutiérrez eta kideen artikuluan, ikerkuntza horien analisi bibliometrikoa aurkeztu dute.
- urtetik aurrerako 664 artikulu aztertu ondoren, ikertzaileek ikusi zuten Gorputz Hezkuntzan inklusioari buruzko gero eta interes handiagoa dagoela, ikerketa gehienak azken hamarkadan argitaratu baitziren. Gehienak Soziologia, Pedagogia eta Psikologia diziplinetatik zetozen. Hortaz, ikertzaileek gai hori beste arloetan (Teknologia edo Zientzia Juridikoak, adibidez) ikertzeko beharra azpimarratu dute. Bestalde, artikulu gehienak hainbat autorek sinatuak dira, eta azken urteotan joera hori areagotu egin da. Autoreek diotenez, kolaborazioak ikerkuntzaren kalitatea handiagotzen du.
Ikerketa horien gaiei dagokienez, hezkuntza inklusiboa definitu eta aplikatzearekin lotuta daude gehienak, baita komunitateetan kontzientzia zabaltzearekin ere. Hala ere, emaitzen arabera, kultura inklusiboa ez da ikerketa guztietan ondo ulertu. Askotan, desgaitasun fisiko eta intelektualetara bakarrik mugatu da kontzeptua.
Beraz, gaiari buruz ikertzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu dute Pérez-Gutiérrez eta kideek, hezkuntza inklusiboaren esanahia argi geratzeko eta eslogan soil bihur ez dadin.
Egilea: Ane López de Aguileta