Ikasgeletan maila oso anitzeko ikasleak elkartu ohi dira. Ikasleria anitzagoa bada, handitu egiten dira emaitza hobeak lortzeko aukerak; ikastetxe onenek oso garbi daukate hori, eta horregatik saiatzen dira aniztasuna aberastuko duten ikasleak erakartzen.
Aniztasunak, ordea, ez du bere horretan emaitza onik bermatzen. Ikastetxe bat izan daiteke anitza eta emaitza kaskarrak izan. Aniztasunak emaitza onak ematen ez dituenean, irtenbidea inoiz ez da izan behar birbanaketa-politiketara jotzea, zeren ikasleen birbanaketa-politikek arazo larriak sortzen baitituzte. Gainera, ikasleen birbanaketa-politikek inoiz ez dituzte konpontzen arazo akademikoak, ezta bizikidetzakoak ere. Konponbidea ikasle anitzen arteko kolaborazioa piztea da, eta, horretarako, ebidentzia zientifikoak kontuan hartzea.
Hizkuntzak ondo ikasteko ere hori da gakoa, ikasleen arteko kolaborazioa sustatzea. Bigarren hizkuntzen eremuan hainbat ikerketak aztertu dute ikasleen arteko lankidetza. Aurretik egin ziren hainbat ikerketak erakutsi zuten ikasleen arteko interakzio guztiak ez direla baliagarriak ikaskuntza sustatzeko. Hau da, bikoteka edo taldeka aritu daitezke, baina horrek ez du bermatzen interakzio horrek ikaskuntza eragingo duenik. Ikasleen arteko interakzioak kolaboratiboak direnean edo maisu-aprendiz modukoak direnean, orduan bai, ikaskuntza sustatzen da. Aitzitik, ikasle batek edo batzuek ataza ondo dakitenean eta beste ikasleak pasibotasunean badaude, ez du funtzionatzen, eta berdina gertatzen da ikasle batek baino gehiagok ataza ondo jakin nahi dutenean eta elkarren artean elkarrizketa eraginkorrik eta lankidetzarik sortzen ez denean.
Kolaborazioa zerk eragiten duen aztertu zuen Torontoko Unibertsitateko Yuko Watanabek artikulu honetan. Gakoa ez da ikasleen maila. Gakoa pertsonen artean sortzen den dinamika da; hau da, pertsonen artean sortzen den harremana. Lankidetza gauzatu dadin, ezinbestekoa da nork bere burua lankide legitimo gisa ikustea eta, aldi berean, gainerako ikasleek ere ekarpenak legitimotasunez egin ditzaketela ikustea. Horrek ez du esan nahi, jakina, ekarpen guztiak maila eta izaera berekoak izan behar direnik. Esate baterako, galderak egitea eta zalantzak azaltzea ere ekarpena egitea da, eta ez norberarentzat bakarrik, zeren azalpena eman behar duenari ere primeran baitatorkio bere ikaskuntzarako.
Lankidetzarako borondatea nola eraikitzen den ere erakusten du Watanaberen artikuluak. Kolaboraziorako prestutasuna ez da norberak bakarrik eraiki dezakeen zerbait. Gainerakoek nola ikusten duten ere funtsezkoa da ikasle batek bere burua kolaboraziorako prest ikus dezan.
Hainbat ikerketak erakutsi dute kolaborazioa pizteko gakoa ez dela ikasleen maila. Ebidentzia ugari daude, baita hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan ere.
Egilea: Harkaitz Zubiri