Haurren aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa eta munduko osasun-arazo bat da. Era berean, adimen-desgaitasuna duten ikasleek eskola-inguruneetan jazarpenak sufritzeko aukera gehiago dituzte, eta horrek ondorio negatibo larriak ditu haien osasunean, garapenean eta ongizatean. Gainera, eskola berezietan eskolatuta badaude, interakzio-esperientziak murriztuagoak izango dituzte, eta horrek zaildu egiten du erantzun egokiak ikastea eta berdinekin laguntza-sareak eraikitzeko aukera.

Duque eta lankideek egindako ikerketan (Creating Learning Environments Free of Violence in Special Education Through the Dialogic Model of Prevention and Resolution of Conflicts), Gatazkak Prebenitzeko eta Konpontzeko Eredu Dialogikoa Hezkuntza Bereziko eskola batean ezartzea aztertzen da, konkretuki, eredu horrek indarkeriaren murrizketan, berdintasunezko harremanen sorreran eta biolentziaren prebentzioan duen eragina. Izan ere, bizikidetza-eredu horren funtsezko ekarpen bat da desgaitasuna duten ikasleentzat hain baliotsua den adiskidetasun-sare hori sortu ahal izatea. 

Funtsezko beste ekarpen bat ikasleei emandako protagonismoa da. Askotan, pertsona horien ahotsak ez dira kontuan hartzen, eta eredu horretan, aitzitik, haien ahotsak aintzat hartzen dira, adibidez, eskola-batzarretan ordezkariak direnean eta beren ikasgelak ordezkatzen dituztenean, edo izaten duten ahalduntzearekin, ikaskideen jokabide oldarkorrak publikoki gaitzestea ahalbidetzen diena.

Eredu horretako beste elementu asko nabarmendu daitezke, hala nola: edozein indarkeria-motaren aurrean tolerantzia 0 izatea, erakargarritasuna ematea isiltasunaren legea hausteari eta indarkeria salatzeari, salaketei azkar eta arrakastaz erantzutea, eta biolentziaren aurrean ikastetxe osoko kide guztien jarrera aktiboa izatea. 

Asko dira erabiltzen ikasi dituzten estrategiak: indarkeria 0 inguruko arau adostuak sortzea komunitateko kide guztiekin; indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa hartzeko estrategiak garatzea, hala nola “gortina magikoa” edo “ezkutua”; besteei “laguntza behar duzu?” esatea, horren beharra dutenean. Orain, ikasleek irizpide berriekin aukeratzen dituzte lagunak, lagun onen ezaugarriak tratu ona, laguntza eta babesa direla dakitelako.

Laburbilduz, Hezkuntza Bereziko eskola horretan, ikasleen partaidetzarako hesiak gainditu dira, laguntza-sareak sortzeko bideak zabaldu dira, eta ikasleen ahotsak gehiago kontuan hartu dira. Gainera, ikasleak zoriontsuago eta seguruago sentitzen dira, beren burua gai ikusten dute benetako ausardia eta adiskidetasuna partekatzeko, eta egoerak salatzera ausartzen dira, ikaskide baten partetik zein heldu baten partetik etorrita ere. Ikerketak erakusten du posible dela Eredu Dialogikoa aurrera eramatea Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleekin.

Egilea: Garazi Alvarez