Azken urteotan, elkartasunak eskolan dituen onurei buruzko nazioarteko literatura areagotzen ari da. Elkartasuna, Ikaskuntza Komunitate gisa, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak (HJA) ezartzen ari diren eskoletako antolaketaren oinarrietako bat da. Elkartasun hori agerian geratzen da eskolaren antolamenduan zein ezartzen diren hezkuntza-jarduera guztietan. Hezkuntza-jarduera horien artean, senideen prestakuntza dago.
Nazioarteko komunitate zientifikoak duela hamarkada batzuetatik baieztatu du ikasleek beren testuinguru soziokulturalean dituzten elkarrekintzak funtsezkoak direla eskola-errendimenduan (Bonell eta Rios, 2014; Garcia-Carrion, Molina-Duque eta Molina-Roldan, 2018). Ikasleek irakasleekin dituzten interakzioez haratago, haur eta nerabeek geroz eta gehiago ikasten dute eskola barruko zein kanpoko beste pertsona batzuekin dituzten elkarrekintzetatik, batez ere senideekin, baina baita komunitatean erreferente diren beste pertsona batzuekin dituzten interakzioetatik ere (Dearing, Kreider, Simpkins eta Weiss, 2006; Epstein eta Sheldon, 2002). Haatik, interakzio horiek ikasleen emaitza akademikoetan eragin positiboa izan dezaten, irakasleen prestakuntza ez ezik, familien prestakuntza ere beharrezkoa da (Jesis, Ordoñez eta Jasis, 2012, Epstein eta Sanders, 2006).
Halaber, nazioarteko ikerketek agerian utzi dute haurren emaitza akademikoak ez daudela familien hezkuntza-mailaren arabera zehaztuta, baizik eta haien familiak ere prestatzen ari direnean hobetzen direla, bereziki akademikoak ez diren eta gutxiengo kulturaletako kide diren familietan (Flecha eta Soler, 2013).
Aipatutako guztia aintzat hartuta, Garcia, Ruiz eta Comas (2019) ikertzaileek, Family Education and Volunteering: The Benefits of Solidarity in School artikulu zientifikoan, senitartekoek, irakasleek eta boluntarioek, boluntarioen eta familien arteko prestakuntzan sortzen diren elkarrekintzetan, elkartasunak dituen onurei inguruan dituzten pertzepzioen inguruko azterketaren emaitzak aurkezten dituzte. Zehazki, Espainiako Estatuko hainbat lurraldetako Haur eta Lehen Hezkuntzako zortzi eskolatan familiak prestatzeko boluntarioek sustatutako dinamika solidarioen onurak aztertzen dira. Ikerketan, ikertzaileek landa-lan kualitatiboa egin dute Espainiako Estatuko 8 ikastetxetan, bost autonomia-erkidegotako familia, ikasle, irakasle eta boluntarioekin egindako elkarrizketa erdi-egituratuen, talde-eztabaiden eta bizitza-kontakizunen bidez.
Berriki aipatutako artikuluan aurkezten diren emaitzak ikerketa zabalago honen parte dira: “La mejora del sistema educativo a través de la formación de familiares de grupos vulnerables (2014-2017)”. Emaitza nagusien artean, boluntarioek eskola horietan dinamika solidarioak indartzen eta eskola-giroa hobetzen laguntzen dutela egiaztatu da, zehazki, honako hauek sustatzen badira:
- Ikaskuntza-ingurune gehiago sortzea, eta ingurune horietan familiek elkarri laguntzeko zein loturak ezartzeko guneak eskaintzea.
- Adiskidetasuna eta konfiantza sustatzen dituzten berdintasunezko elkarreraginak sortzea.
- Familiek prestakuntza jasotzeko duten motibazioa eta itxaropenak handitzea.
Azkenik, boluntarioen parte-hartzearen bitartez, batez ere ingurune behartsuetako eskoletan, senideen prestakuntza sustatzen ari da, eta horrek ikaskuntza eta motibazioa hobetzen laguntzen die senideei zein haurrei.
Egilea: Ane Olmedillo Berasategi