Azken hamarkadetan gero eta handiagoa da eskoletako ikasleen aniztasun linguistikoa zein kulturala. Hori erronka handia da hezkuntza-sistema inkusiboetarako, ikasle guztien premiei erantzun behar baitiete. Ikasle guztiek, salbuespenik gabe, izan behar dituzte eskolako hizkuntzak ikasteko aukera eraginkorrak, eta, aldi berean, eskolan ikasten diren edukiak ere eraginkortasunez ikasteko aukera izan behar dute. Edukiak behar bezala ikasi ahal izateko, ezinbesteko tresna da eskolan erabiltzen den hizkuntza.
UNESCOren (2016) arabera, munduko ikasleen % 40k ez du hezkuntza jasotzen etxean hitz egiten duten edo ulertzen duten hizkuntzan. Are gehiago, hizkuntza horietako batzuk ikasketa-hizkuntza nagusi gisa erabiltzen dira curriculumaren edukiak ikasteko.
Erronka horri aurre egiteko, Deusto, EHU zein Winconsin-Madison Unibertsitateetako hainbat ikertzailek (Santiagok, García-Carriónek, Zubirik eta López de Aguiletak, 2021) Tertulia Dialogiko Literarioen (TDL) inpaktua aztertu dute, zenbateraino diren eraginkorrak testuinguru eleanitzetan euskara ikasteko, euskara hizkuntza gutxitua izanik. Egindako azterlanaren emaitzak Language Teaching Research (JCR Q1) aldizkari zientifikoan argitaratu dira: Inclusion of L2 (Basque) learners in Dialogic Literary Gatherings in a linguistically diverse context.
TDLak ikaskuntza dialogikoan oinarritzen dira. Unibertsalki aintzatetsitako literatura-lan klasikoak irakurtzen eta eztabaidatzen dira TDLetan. Uneoro, berdintasunean oinarritutako elkarrizketa bermatzen da.
Honako hauek dira azterlanaren ondorio esanguratsuenak:
- Ikasle guztiek euskarazko interakzio dialogikoetan parte hartzeko aukera errealak sortzen dira, ikasleek euskara lehen nahiz bigarren hizkuntza izan. Liburua euskaraz irakurtzen denean eta TDLak euskaraz egiten direnean, euskarazko elkarrekintzak areagotu egiten dira. Beraz, aukera paregabea eskaintzen dute ikasleek euskara eraginkortasunez ikas dezaten.
- TDLen bitartez eraldatu egiten da irakasle-ikasleen arteko gelako komunikazio-eredua. Interakzio dialogikoen fluxua errazteko, aldamiaje egokiak eskaintzen dituzte TDLek.
- TDLek nabarmen motibatzen dituzte ikasleak. Edukiak euskaraz lantzeko, sentimenduak euskaraz partekatzeko zein harreman sozialak euskaraz aberasteko eraginkorrak dira.
Aurretik, hainbat ikerketak frogatu dute TDLak eraginkorrak direla espazio inklusiboak sustatzeko, edozein testuingurutan eta edozein profiletako pertsonekin. Parte-hartzea sustatzeko, interakzio-formatu aproposa da. Azken ikerketa horrek frogatu du euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko ere eraginkorra dela, baita euskara etxeko hizkuntza ez dutenentzat ere.
Egilea: Ane Olmedillo Berasategi