Berriki burututako ikerketen arabera, haurren ikaskuntzarekin lotutako trebetasunek –autorregulazioak eta gaitasun sozialek barne- eskola-arrakasta goiztiarra lortzen laguntzen dute.
Eskolaurretik hezkuntza formalerako trantsizioa mugarri garrantzitsua da haur txikien bizitzan. Haur gehienek trantsizio hori arrakastaz igarotzen badute ere, arazoa izan daiteke eskolan ondo jarduteko behar diren autoerregulazioa eta gaitasun soziala menderatuak ez dituzten haurrentzat.
McClelland, Acock eta Morrison ikertzaileek aztergai izan zuten Haur Hezkuntzan ikasitakoak zer lotura zuen Lehen Hezkuntzako seigarren mailan irakurketan eta matematikan lortzen zuten mailarekin, eta horretarako 538 haurren ibilbidea ikertu zuten. Ikerketa horren berri ematen zuten artikulu honetan: The impact of kindergarten learning-related skills on academic trajectories at the end of elementary school.
Ikerketak alderatu egin zituen ikasleek 5-6 urterekin zituzten emaitzak eta 11-12 urterekin zituztenak, eta ikertzaileek ondorioztatu zuten txikitan lortzen diren trebeziek lotura dutela hurrengo urteetan garatzen diren trebeziekin. Zehazki, ikaskuntzari lotutako trebeziak eta hurrengo urteetan irakurketan eta matematikan lortutako emaitzak lotuta daudela ikusi zuten.
Emaitza horietatik ondorioztatu zuten ikaskuntza goiztiarrean lortzen diren trebetasunek garrantzi handia dutela, Lehen Hezkuntzako haurren ibilbide akademikoan eragin handia dutela, eta, beraz, beharrezkoa dela esku-hartze goiztiarren lehentasunezko helburuak izatea haurren autoerregulazioa eta gaitasun sozialen garapena.
Hortaz, esan daiteke, haurrak txikiak direnean hizkuntza- eta komunikazio-trebeziak garatzen badituzte, etorkizunean hori mesedegarria izango dela euren alfabetatze-prozesurako.
Egilea: Ane Olmedillo