Ikasleei zientzian interesa eta parte-hartzea garatzen laguntzea funtsezko gaia da hezkuntza zientifikoan, guztion alfabetatzeko zientifikoa hobetzeko. Hortaz, zientzietako hezitzaile zein irakasleek ikuspegi eraginkorrak aztertzeko ardura dute; ikasleek zientziak ikasteko duten interesa zein gozamena hobetze aldera.

Hori horrela, Shu-Fen Lin eta Huann-shyang Lin ikerlariek, komikiek ikaskuntza zientifikoan izan dezaketen rola aztertu dute. Azterlanean lortutako emaitzak honako artikulu-zientifiko honetan argitaratu dituzte: Learning nanotechnology with texts and comics: the impacts on students of different achievement levels.

Helburu horren lorpenerako, 15-16 urte bitarteko 697 ikaslek – horietatik %53 neskak – parte-hartu zuten ikerketan. Bertan aztertu zuten nola bi testu mota desberdinek, komiki zientifiko bat eta testu zientifiko bat duen liburuxka batek, ikasleen pertzepzio emozionalak eta ikaskuntza aldatzen zituzten. Modu horretan, zientzietara erakartzen zituzten faktore nagusiak zein ziren zehaztu ahal izateko. 

Gauzak horrela, ikasleek astebetez testu horiek erabili zituzten nanoteknologiari buruzko gai bat ikasteko eta honako hauek izan ziren ikerlariek lortu zituzten emaitzak, besteak beste: 

  • Komiki zientifikoa erabiliz gero, erdi-mailako ikasleek errendimendu akademiko hobea zutela ikusi zen; metodologia horrek, berriz, ez zien mesede handirik egiten errendimendu handiko ikasleei. 
  • Komiki zientifikoak zein liburuxkak gehiago lagundu zieten errendimendu txikiko ikasleei. Haatik, ez zuten haien ikaskuntza globala aldatu, aurretiko ezagutzarik ez zutelako. 
  • Zientzia ikasteko garaian horrelako materialen erabilpena lau faktorek babestu dezakete: ulertzeko hautemandako zailtasuna, interesaren edo interesik ezaren arrazoiak, zientziaren ikaskuntzaren pertzepzio emozionalak eta ikasteko denbora. 

Aipatutako guztia aintzat hartuta, ikertzaile-taldeak zera azpimarratzen du: ikaskuntza zientifikoa areagotzeko komiki zientifikoak gehiago erabili beharko liratekeela. Izan ere, maila ertaineko ikasleen ikaskuntzan asko laguntzen dute, eta inprimatutako testu zientifikoek, berriz, maila altuko ikasleei bakarrik egiten diete mesede.

Egilea: Ane Olmedillo