Massachusetts Citizens for Children (MassKids) estatuko umeen aldeko erakunde zaharrena da. Bertan egoera larrienean dauden umeen eta gazteen bizitzak hobetzeko jaio zen, eta umeen abusua eta arduragabekeria prebenitzeko ari dira lanean.

MassKids-en oinarrian dago umeek, abusu eta indarkeriarik gabe, pobreziarik gabe, kalitatezko osasun-asistentzia eta kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea dutela, baita komunitate osasuntsuetan bizitzeko eskubidea ere.

1959an, Martha May Eliot pediatrak sortu zuen, eta hainbat lorpen garrantzitsu izan dituzte historian zehar, hala nola: gaixotasun mentalak dituzten umeak helduentzako psikiatrikoetatik ateratzea; Massachusetts-eko estatuari abisatu zioten gero eta jaioberri gehiago zeudela drogen menpean; eta, umeen abusuaren aurkako borrokan, milaka biztanleren konpromisoa lortu dute.

Kanpaina ezagunenen artean, Enough is enough abusua prebenitzeko kanpaina eta Astindutako Haurraren Sindromearen prebentzioa daude. Enough is Enough kanpainan, herritarren konpromisoa bilatzen da umeen aurkako abusua ekiditeko. Astindutako Haurraren Sindromearen prebentzioan, 1990. urtetik, sindromearen inguruko informazioa zabaldu dute medikuntzako profesionalen, gurasoen, zaintzaileen eta herritarren artean.

Hala, Masskids-ek herritarren konpromisoa eta mobilizazioa du oinarri, umeen ongizatea ziurtatu ahal izateko. Izan ere, helburu hori batera lan eginez bakarrik lor daiteke.