Campus Rom unibertsitate-ikasle ijitoen sareak hainbat ekintza planteatzen ditu pertsona ijito gehiago unibertsitatera irits daitezen lortzeko, eta, horrela, estereotipoak hautsi eta ijitoen eskubideen alde egiteko. Haien artean daude Ijito Herriari eta hezkuntzari buruzko hitzaldiak, prestakuntzak eta sentsibilizazio-kanpainak, besteak beste. 

Testuinguru horretan, gaur bertan, urtarrilak 29, webinar berezi bat antolatu du Campus-Romek, arratsaldeko 17:00etatik 18:30era arte. Doako ekintza horren helburua mundua eraldatzen laguntzen ari diren zazpi emakume ijitoren esperientziak zabaltzea da. Konkretuki, zer-nolako oztopoak dauden eta horiek gainditzeko lagungarriak izan diren elementuak partekatzera zuzenduta egongo dira euren interbentzioak. Gainera, ijito herriarentzat zein, oro har, gizartearentzat baliagarriak diren gomendioak ere partekatuko dituzte.  

Hala, Campus Rom sarea osatzen duten pertsonen ametsa egia bihurtzeko bidea egiten ari dira: kalitatezko hezkuntza eta arrakastatsua Ijito Herriarentzat. Kataluniako ikasle ijitoekin harremanetan daudenez, haien prestakuntza-prozesuan laguntza eta sostengua ematen jarraituko dute.

Egilea: Kaiera