Success for All programa Robert Slavinek, bere emazte Nancy A. Maddenek eta John Hopkins Unibertsitateko Center for Research on the Education of Students Placed at Risk (CRESPAR) ikertzaile-taldeak garatu zuten. Haren aplikazioa 1987an hasi zen Baltimoreko lehen hezkuntzako eskola batean. Gaur egun, programa AEBko eta beste herrialde batzuetako (Mexiko, Kanada, Erresuma Batua, Australia, etab.) 1.000 eskola baino gehiagotan aplikatzen da.

Hezkuntza-psikologiari buruzko ikerketetan oinarrituta, Robert Slavin irakasleak esperientzia pedagogiko alternatibo hori bultzatu zuen, bereziki eskolaurreko eskola publikoetako eta oinarrizko hezkuntzako lehen mailetako ikasleei zuzendua. Slavinen beraren hitzetan: «Eskola askotan (eta, bereziki, auzo txiroetan), ikusten dugu haur asko, ikasle distiratsu eta gogotsuak eskolaurreko urteetan, eskolan porrot egiten hasten direla sei, zazpi edo zortzi urtetik aurrera. Kasu horietan, hezkuntza-agintariek eta eskolek errepaso- eta, a posteriori, konpentsazio-programetara bideratzen dituzte, porrota gertatu ondoren, “ikasle txarrei” bereziki zuzenduta daudenak». Slavinek, ordea, txikitatik eragin nahi die haur guztiei eskola-porrota gerta daitekeen aldia baino lehen. Eskola-porrotari aurrea hartu nahi dio, eta hori aurreikusi. 

Amerikako Estatu Batuetan, 70eko hamarkadatik aurrera ikerketa kritiko zabala egin zen hezkuntzaren arloan. Aldi horretan, “desabantailadun” eta, azken urteetan, hiriguneetako “arriskuan” dauden biztanleei laguntzeko legeak onartu ziren. Eskola horiek konpentsazio-funts batzuk jaso ditzakete, baina “atzeratuen” dauden ikasleei errepaso- edo errefortzu-eskolak emateko irakasle gehiago kontratatzeko erabiltzen dira batez ere. Hala ere, esperientziak erakutsi du gutxi laguntzen dutela eskola-porrotaren indizeak murrizten.

Success for All programa hezkuntza-ikerkuntzan puri-purian dagoen unean sortu zen. Horren oinarri ideologikoak haur guztiak “arrakastatsuak” izateko beharretik abiatzen dira, hau da, guztiontzako benetako demokrazia, guztiak berdintzat hartuko dituena, inor ez dadin bazterrean geratu. Horretarako, haurrek beren gaitasunetan izan dezaketen konfiantza sustatzen da. Beraz, ez zaie ikastetxe jakin bateko ikasle desabantailatsuenei zuzentzen, guztiei baizik, eta, hain zuzen ere, haurren eskola-porrota agertu aurreko etapan eragiten du. Klaseetan ez dago talde berezirik, lanaren oinarria ikasle-taldeen arteko ikaskuntza kooperatiboa da; bi edo hiruko taldeak dira, ez homogeneoak.

Gainera, ebidentzietan oinarritutako eskola-hobekuntzan zentratzen da; hau da, «hezkuntzaren onena, arrakastatsuak izan diren programetan oinarritutako ereduak, erreplikatzea” proposatzen du. «Gure helburu nagusia irakaskuntzaren kalitatea hobetzea da; horretarako, dagoeneko frogatuta dauden estrategiak erakusten dizkiegu irakasleei, batez ere ikaskuntza kooperatiboan oinarritutakoak, non haurrek talde txikietan lan egiten duten eta elkarri laguntzen dioten. Ahozko eta idatzizko ulermena oso garrantzitsua da, eta zailtasunak dituzten ikasleak identifikatzera bideratzen gara, tutoretzak talde txikietan emanez eta atzean gera ez daitezen lagunduz».

Success for All programaren helburu nagusia ikasleen irakurketa-maila hobetzea da. Arrazoia, Slavinen ustez, begi-bistakoa da: irakurketa funtsezkoa da oinarrizko hezkuntzan. Programa eskolaurretik hasi eta 11 urtera artekoa da. Haurrak idazketa fonetikoan oinarritutako irakurketa-teknikekin hasten dira, eta, pixkanaka, ohiko irakurketan sartzen dira. 

Egunero 90 minutuko saio bat egiten da, non haurrek irakurketak egiten dituzten oso talde txikietan. Talde horiek ikasleen adinaren arabera eratzen dira, ez irakurketa- eta idazketa-mailaren arabera. Zortzi astean behin, ikasle bakoitzaren banakako ebaluazioa egiten da, aurrerapenak egiaztatzeko eta, behar izanez gero, berariazko lana prestatzeko. Laguntza gehiago behar duten edo atzerago doazen ikasleek hogei minutuko saio pertsonalizatua jasotzen dute egunero, irakurketa hobetzeko.

Senideei ematen zaien garrantzia ere esanguratsua da, prozesuaren ezinbesteko elementutzat hartzen baitira. Gainera, eskolak kontuan hartzen ditu bere kultura-berezitasunak. Gurasoek eskola barruko zereginetan parte hartzea sustatzen da. Horren guztiaren helburu nagusia eskolak familiarekin eta komunitatearekin taldea osa dezan laguntzea da, haurren beharrak aztertzeko, eskubideak babesteko eta ongizatea babesteko. Programaren ebaluazioan irakasleek, ikasleek eta familiek parte hartzen dute.

Emaitzak beti izan dira Success for All-en aldekoak. Programako ikasleek, batez beste, beste kontrol-eskola batzuetako ikasleak baino 3 hilabete aurreratuago daudela erakusten dute oinarrizko lehen mailara iristean, eta urtebete baino gehiago bosgarren mailara iristean.

Robert Slavin irakasleak dioenez, programaren puntu nagusietako bat izan da “erreplikagarria” izatea, eskola askotara zabaltzeko modukoa izatea. Bestalde, Nancy A. Maddenen hitzetan, «arrakasta pobrezia-maila altua duten eskoletan lor daiteke». «Aldaketa hezkuntza-sistematik has daiteke, baina irakasleek asko dute emateko. Eskolak aldaketaren unitatea izan beharko luke, bereziki ingurune pobretuetan kokatutakoak».

Egilea: Alfonso Caño