Ume txikiaren burmuina ez da bere kasa garatzen. Burmuin txiki horiek biologikoki diseinatuta daude beren inguruarekin kolaboratzeko. Jaiotzetik hasita, haurtzaro osoan zehar, ingurukoekiko lankidetza ezinbesteko gakoa da. Umea bere bakardadean uzten denean, mugatuta dago. Helduekiko interakzioari esker, umea hobeto moldatzen da. Horri buruzko ebidentzia argiak aurkeztu zituzten Columbia Unibertsitateko Nim Tottenham eta bere kideek 3 eta 5 urte arteko 106 umerekin egin zuten ikerketan.

Duela ehun urte Vygotskyk erakutsi zuen interakzio soziala funtsezkoa dela umeen garapena gauzatu dadin: umea bakarka egin ezin dituen hainbat gauza egiteko gai da beste norbaitek laguntzen dionean. Horixe da Garapen Hurbileko Eremua: bakarrik egin ezin duena, baina beste norbaiten laguntzarekin egin dezakeena. Beraz, lagunduko dionarekin interakzioa izatea da gakoa. Harrezkero, ikerketa askok frogatu dute Vygotsky zuzen zebilela.

Tottenham eta bere kideen ikerketak Garapen Hurbileko Eremuaren ertz garrantzitsu bat argitu du: gurasoen presentzia hutsak sustatu egiten du umearen esploraziorako gogoa. Ez da gurasoek umea lasaitu edo animatu dezaketelako bakarrik. Presentzia hutsa ere eraginkorra da. Are gehiago, gurasorik gabe umeak ekidin egiten ditu hainbat erronka, zailak direlako, beldurra ematen diotelako, arriskutsuak iruditzen zaizkiolako; baina gurasoen presentziak aldatu egiten ditu umearen lehentasunak: umeak gurasoekin lotzen dituen jarduerak erakargarri bihurtzen dira, umeak gurasoekiko daukan atxikimenduagatik, eta, horren ondorioz, jarduera bati aurre egin ala ez erabakitzeko orduan, gurasoak bertan daudenean, atxikimendu-jokabideak gailentzen dira, jarduerak izan dezakeen zailtasunaren irizpidearen gainetik. Hau da, umeak gurasoekiko duen atxikimenduagatik, gurasoekin lotzen dituen jarduerak lehenesteko joera du. Estimuluaren desiragarritasunaren gainetik, estimuluarekiko atxikimendua nagusitzen da, gurasoen presentziak sortu duen atxikimendua. Beraz, atxikimenduak sortzen du desiragarritasuna, ez alderantziz. Gurasoen presentziari esker, umearen neurobiologia modulatu egiten da: abertsioa eragiten dioten estimuluei aurre egiteko ahalduntzen da. Horri guztiari esker, ezezaguna esploratzeko kemena pizten zaio umeari. Fenomeno hori bizitzaren lehenengo urteetan sortzen da eta gutxienez haurtzaro osoan zehar mantentzen da.

Atxikimendu-figuren presentzia eta umeen esploraziorako kemena osagarriak dira. Are gehiago, presentziak esploraziorako kemena pizten du. Ikerketa horretatik ere erraz ondorioztatu dezakegu zeinen garrantzitsua den familien presentzia ikastetxeetan.