El Diario Feministatik aterata

Gaur Lídia Puigverti egingo diogu elkarrizketa. Puigvertek liburu bat idatzi du Judith Butler-ekin batera, eta Harvardeko Unibertsitatean hizlaria izan da, baita Cambridgeko Kriminologia Institutuko kidea ere.

  • Hobeto jakin nahi dugu zer esan nahi duen erakarpena eta indarkeria lotzen dituen diskurtso hertsatzaileak, eta zergatik den arrisku-faktorea nesken kontrako genero-indarkeriarako. 

Diskurtso hertsatzailea indarkeriarekiko erakarpena sortzen edo bultzatzen duten interakzio guztiak dira, neska-mutilen eguneroko bizitzako hainbat testuingurutan gertatzen direnak. Diskurtso hertsatzaile horrek, batez ere, harreman heterosexualak dituzten neskak bultzatzen ditu indarkeriazko jarrerak, agresiboak, dituzten pertsonekin amodio-aferak nahi izatera; izan ere, pertsona horiek kitzikagarriagoak eta erakargarriagoak direla kontatzen diete. Horixe da diskurtso hertsatzailea.

Nesken kontrako genero-indarkeriarako arrisku-faktorea da, historikoki genero-indarkeria beti lotu izan delako bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eremuarekin bakarrik. Espainian, oso gutxitan; hain zuzen ere, guk egin genuen arte, inork ez zuen esaten, ezta ikertzen ere. Era berean, genero-indarkeria askotan agertzen da harreman esporadikoetan. Gaur egun, mito faltsu horretan, harreman esporadikoetan genero-indarkeriarik ez dagoelako burutazio horretan, hezi diren neska askok ez dakite eta ez diote beren buruari galdetzen zergatik jo nahi diren erakargarritzat mutil biolentoak.

Hertsapen handia dago mutil horiek gustatzen zaizkiela esateko, eta, esan ondoren, hori barneratzeko. Sozializazio horretan, hain zuzen, neskek, indarkeriazko jarrerak dituzten pertsona horiekin daudenean, beste edozein testuingurutan horiek identifikatu eta arbuiatuko balituzkete ere, ez dute hori egiten, uste baitute, hori gorabehera, erakargarriak direla eta merezi duela. Eta hori da Espainiako feminismoan egin den akatsa, eta neska horiek horregatik erabakitzen dute hori ez arbuiatzea, uste dutelako harreman mota horietan ondo pasatuko dutela.

  • Ikerketetan hertsapen horrek harreman afektibo-sexualak izaten hasten direnean duen garrantzia nabarmentzen duzue. Zergatik?

Ebidentzia zientifiko asko dago nazioartean haurrak oso txikiak direnetik prebenitzeak duen garrantzia azaltzen dutenak, sozializazio-prozesuetan jarrerak normalizatu eta onartzen direlako; horrek eragin handia izan du.

Baina, kasu zehatz honetan, harreman afektibo-sexualak izaten hasteari buruz hitz egiten dugunean, normalean, gaur egun, neskek honako hauek esaten dituzte: «zorte txarra daukat», «ez dakit zer gertatzen zaidan», «nik ez nuen nahi, baina…», eta oso txarto pasatzen dute. Diskurtso hertsatzaileak dakar harreman horiek normalizatzea, neskak gaitzestea, adibidez; eta horrelako jarrerarik ez dagoenean, ez dute harreman kitzikagarriak izan daitezkeela identifikatzen, uste dute hori aspergarria izango dela, eta hori da askotan inposatzen zaien irakaspena.

Izan ere, nerabezaroan edo nerabezaroaurrean dagoen neska batek harreman hertsatzailea lehen aldiz duenean, hots, harreman kitzikagarri eta askearen guztiz kontrakoa, lehen aldiz gustuko ez duela sentitzen du, harreman hori arbuiatzen du. Hala ere, diskurtso hertsatzailea oso barneratuta duenez, eta hainbesteko presioa eragiten dionez, harremana bukatzen duenean, edo pertsona horrekin dagoen bitartean, nazka sentitu arren, lagunekin bueltatzean, arazoa berea dela uste du, ezin du esan nazka sentitu zuela, kideek eta lagunek barre egingo diotelako, ezer ez dakiela esango diotelako. Hala, neskak egiazkoa den gertakari hori ezkutatzen du, diskurtso hertsatzaile horregatik, bere arazotzat hartzen du, eta pasatuko zaio, gainera, hala diotelako… «Beno… arraroa iruditu zitzaidan, bestelakoa izango zela pentsatu nuen».

Nerabeek sentimendu mota hauek adierazten dituzte: «ez da espero nuena, baina tira…»; eta diskurtso hertsatzailearen prozesuan hau esaten dute azkenean: «ez, ez, uste dut gustatu zitzaidala, baina agian ez nuen ulertu», edo «ez, ez, mutila paregabea da», eta hori gailentzen da azkenean. Era berean, ikerketek autoengainuak eragiten duela engainu hori errealitate bihurtzea, eta hori da gertatzen dena.

Neskek «ohituko zara» esaten dute hasieran, eta ohitu egiten dira. Eta jarrera eta jokabide mota horiek dauden harreman mota asko izan dituztenean, normaltzat jotzen dute. Gainera, beste neska batzuk animatzen dituzte harreman mota horiek izatera. Autoengainu hori taldean ere gertatzen da. Eta diskurtso hertsatzaile hori are gehiago barneratzea dakar. Horregatik da oso garrantzitsua neskek hori existitzen dela jakitea, baita hori sentitzea ere lehen amodio-afera dutenean indarkeria- edo mespretxu-jokabideak dituen eta sexua, sentsualitatea edo kitzikapena zer den ez dakien mutil batekin. Neskak sentitzen ari direna zuzena da, arazoa ez da haiena, diskurtso hertsatzailea sustatzen duen gizartea da, neskek arrotza den zerbait senti dezaten. 

  • Zer-nolako garrantzia du nesken amodio-afera esporadikoetan hertsipen-testuinguruak aztertzeak?

Funtsezkoa dela deritzot, hain zuzen, XXI. mendean gaudelako, eta neska nerabeek sexu-harreman askeak izan nahi dituztelako, beren sexualitatea nola bizi erabaki nahi dutelako, norekin bizi, zenbatetan… Askatasun hori beharrezkoa da XXI. mendean, eta ezinbestekoa da neskek askeak direla sentitzea. Baina, hori sentitzeko, askatasuna izan behar dute, eta, libreak izateko, jakin behar dute beren erabakiak hertsatzen ari den diskurtso hertsatzaile hori existitzen dela, horren kontziente izan ala ez.

Orain arte dakiguna da harreman afektibo-sexual esporadiko horietan diskurtso hertsatzaile handia dagoela, eta horregatik da ezinbestekoa neskek, harreman horiek izaten jarraitu nahi badute, horiek izaten jarraitzea, baina baita ezagutza hori izatea ere. Gainera, neskek jakin behar dute, edozein mutilekin harremanak izatea erabakitzen dutenean, beste edozein testuingurutan paso egitea erabakiko luketela, agresiboa delako, beste neska batzuk mespretxatzen dituelako, jarrera desegokia duelako, XXI. mendean gaudelako, eta beti ondo tratatuko gaituen mutil bat nahi dugulako. Diskurtso horiek, testuinguru jakinetan eta eskola batzuetan, bikotekideari edo harreman egonkorrei buruz hitz egiten denean, agerikoagoak izan daitezke; bizitza pribatuan, aldiz, kontrakoa da, ez dira batere agerikoak. Informazio hori badute, zer harreman mota eta zer pertsona motarekin nahi duten erabaki ahalko dute.

  • Ekarpen horietatik, zer da garrantzitsuena genero-indarkeriaren prebentzioa azpimarratzen dugun pertsonontzat, hala nola familiontzat, ahizpontzat, lagunontzat edo irakasleontzat?

Gure esku dagoen gauza bat ebidentzia zientifikoetarako sarbidea da; hau da, gure instituzioetan, kolektiboetan eta erakundeetan neska-mutilak gerturatu behar ditugu literatura zientifikora, haiek beraiek ikus dezaten zer ari garen ikertzen, eta haiek beraiek identifika dezaten artikuluetan zer ari den gertatzen. Horrek bakarrik asko argitzen du eztabaida. Halaber, eztabaida-espazioak sortu behar dira, beren nahasmenduak azaldu ditzaten, edo azaldu dezaten zergatik identifikatzen duten gauza bat dela bizitzaren lehen urteetan gertatzen dena eta dibertigarria dena, eta gero nagusiagoa izatean egingo dena dagoela. Bizitzaren ibilbideak eragina duela dakitenean, eta bizitzaren lehen urteetan edo lehen harremanetan gertatzen denak ondorengo harremanetan eragina duela dakitenean, neska-mutilek ere gogoeta egiten dute. 

Izan ere, orain arte, burutazioek saldu dutena izan da gauza bat nerabezaroko bizitza dela, urte zoroak, hori gure genetikaren parte dela; eta, gero, nagusiak garenean, geldialdi bat egiten dugula, eta beste gauza batzuk erabakitzen ditugula. Ikerketek hori faltsua dela erakutsi dute. Ez da inoiz gertatzen. Horregatik, gero, neska-mutilek desilusionatzen dituzten harremanak izaten dituzte, edo, besterik gabe, ez dute nahi duten pertsona aurkitzen. Lehen urteetan gu mespretxatzea onartu badugu, eragin zuzena izan dezake gure bizitzaren edozein alditan, eta horrek, era berean, gure seme-alabei eragingo die, baldin baditugu, gure bikotekideari, baldin badugu, baita gure inguruko pertsonei eta senideei ere, jarrera agresiboagoak izango ditugulako. Haien gauza batzuk ez ditugu errespetatuko; hau da, barruan sartu duguna irtengo da. Eta orduan hobe da guk hori jakitea, nola irteten den erabaki dezagun.

Neska eta mutilen edo adineko pertsonen artean badaude, adibidez, depresio-egoerak, edo elikadura-arazoak, buruko minak, migrainak, bulimia-arazoak… Ikerketek gero eta gehiago erakusten dute horrek lotura duela dibertitzen ari direla sinestarazi nahi dieten urte horiekin, egiatan oso txarto pasatzen ari diren arren (oihuak, borrokak, engainuak, mespretxua…). Gure bizitzak birpentsatzea, eta bizitzaren hasieran dauden neska-mutilek horiek nolakoak izango diren erabakitzea, hori bai, gure esku dago. Eta, horretarako, mutil eta neskekin eztabaidatzeko espazioak sortu behar dira, oinarri zientifikoa dutenak.

  1. Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren hasieratik, argitaratutako azterketek erakusten dute neska gazteen aurkako genero-indarkeria ere areagotu dela, besteak beste, denbora gehiago egoteagatik sareetan eta beste ingurune birtual batzuetan. Zer gakok lagundu diezaieke beren burua babesten une honetan?

Neskak eta mutilak, pertsonak oro har, adingabeak adi egon behar dira sareetan, maskulinitate hegemoniko biolentoak betidanik jarri dituen tranpa horietan ez erortzeko. Horretarako, beharrezkoa da kontuan hartzea han egongo direla, ehizan, mendeetan egin duten bezala, eta formulak proposatu behar dira «ez zait interesatzen» esatera ausartzeko. Neska-mutilak aurrerapausoa egiten ausartzen badira, eta «paso egiten dut», «beste neska batzuei nola hitz egin diezun ikusi dut», «utzi bakean» edo antzekoak esaten badituzte, gero eta neska gehiagok izango dute gauza bera egiteko adorea.

Neska askok egin nahiko lukete hori, baina beldur apur bat ematen die gainerakoek pentsatuko dutenak: «zer ari zara egiten?», «irrigarri gelditzen ari zara», eta guztiz kontrakoa da. Gero eta neska gehiago ausartzen badira esatera «nik paso egingo dut, ez baitzait gustatzen», «paso egiten dut beste neska batzuk txarto tratatzen dituzten mutilez», horrek giro desberdina sortuko du sareetan, eta sareek hori errazten dute. Tranpan erortzea errazten duten bezala, kontrakoa ere errazten dute. Nesken arteko elkartasun-sareak sortu behar dira, hain zuzen, hobeto pasatu dezaten, nahi dutena eta nahi dutenarekin egiteko askeago senti daitezen, hurrengo egunean gertatuko denaren edo igoko duen nire argazkiaren beldur izan gabe. Zenbat eta gehiago ausartu neskak mutil mota horiei ezetz esaten, orduan eta askeagoak izango dira gero sareetan nahi dutena egiteko, sareak haiek jazartzeko inoiz erabiliko ez dituztenekin, maskulitate alternatiboekin. 

Ausartu behar dira, esaterako, mespretxatzen duen mutil bat blokeatzera, eta indarkeria erabiltzen duenarekiko gaitzespena agerian jartzera. Sareek hori egiteko aukera ere ematen digute. Beste neska batzuek egiten dutena kopiatu beharrean, zeinek esklabo bihurtzen dituen diskurtso hertsatzailea existitzen dela agian ez dakiten, haiekin gaitzespena sortzeko eta orijinaltasuna sustatzeko elkartasun sareak nola eratu ikus dezakegu. Izan ere, batzuetan, jazarpenak aurrerapausorik ez egitera garamatza, ezta sarean dauden dantza edo bideoetan ere, zeinek, hain zuzen, indarkeriaren gaitzespena erakusten eta erakarpen handiagoa sortzen duten.

  • Zuk egindako beste ekarpen handi bat emakume guztiak mugimendu feministan sartzea da. Emakumeen aniztasunean oinarritutako ikuspuntu horrek nola laguntzen du genero-indarkeria desagerrarazten?

Funtsezkoa iruditzen zait. Historiako beste memento batzuetan, oso desberdinak izan arren, emakumeak konkistak lortzeko elkartu dira, hala nola hezkuntza-eskubidea, lan egiteko eskubidea, edo baita sexu-askatasuna ere. Orain, hainbat ingurutako emakumeak eta neskak elkartu gara jarrera agresiboak dituzten pertsona horien aurka, eta pertsona biolentoak erakargarri egiten dituen diskurtso hertsatzaile horren aurka borroka egiten dugu. Hain zuzen, uste dut hor bat egin dezakegula oso pertsona desberdinek, oso emakume desberdinek, baita beste memento batean, ziur asko, feminismoak kontrakotzat joko lituzkeen inguruneetan ere.

Orain ezetz erakusteko unea da, hori faltsua dela, emakume bat feminista den ala ez adierazten duena, pertsona bat feminista den ala ez, indarkeria hori gaitzesteko gaitasuna dela, inposatu zaigun eta oraindik ere esklabo bihurtzen gaituen indarkeria. Hain zuzen ere, hainbat identitatetatik egitea lortzen badugu (erlijiosoak, kulturalak, genero-arlokoak, eta abar), askoz arrakasta handiagoz gaindi dezakegu, eta adiskidetasun-inguruneak lortuko ditugu, baita askoz harreman arrakastatsuagoak, komenigarriagoak eta, batez ere, erakargarriagoak ere.

Egilea: Esther Roca