Zer diote haur-hezkuntzako ikasleek parte hartzearen inguruan? Galdera horri erantzuna ematen saiatu da Tuğçe Akyol ikertzailea, umeen parte-hartzearen eskubidea bermatze aldera. Horretarako, umeen ahotsa entzutea ezinbestekoa denez, ikertzaileak Turkiako 2005. urteko haurren iritziak jaso ditu gai horren inguruan. Konkretuki, erabakiak hartzeko prozesuetan umeen ahotsak kontuan hartzen diren jakin nahi izan du Akyolek, eta, hala bada, zein neurritan. 

Helburua lortze aldera, elkarrizketak egin ziren umeekin, hiru gai nagusitan zentratuz: eskolako ekintzak, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea eskolan, eta parte hartzeko eskubidea. Gauzak horrela, umeen iritziz, eskolara ikastera doaz, bai eta ekintzak egitera ere. Haurren aburuz, eskolara joatea positiboa delako joan behar dira, bai eta ekintzak egiten dituztelako ere. Bestetik, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeari dagokionez, umeen gehiengoaren iritzia zen normalean irakaslearekin adosten zituztela gelako ekintzak edota materialak, baina oso neurri txikian. Halaber, lagunak erabakitzeko askatasuna sentitzen dutela zioten umeek. Azkenik, parte hartzeko eskubideari dagokionez, ez zen adostasunik lortu: haur batzuen aburuz, nahi dutenean jolastu daitezke; beste batzuek, ostera, irakasleek uzten dietenean jolastu daitezkeela zioten. 

Ikerketa horretan parte hartu zuten haur gehienek eskolako arauak irakasleek zehaztu zituztela esan zuten. Halaber, ikusten da haur batzuek nahi dutenean jolasten direla aipatzen dutela, eta beste batzuek ezin direla inoiz jolastu, edo irakasleak horretarako aukera ematen duenean bakarrik. Emaitza horiek guztiek adierazten dute gabeziak daudela haurren parte-hartzearen babesean haur-hezkuntzako etapan, zenbait testuingurutan.

Egilea: Andrea Khalfaoui