Gizarte-zientziek gizartea hobetzeko balio behar dute. Gizarte-zientzien inpaktu soziala handitu egin behar da. Eskaera horri erantzuteko, ikerketan gero eta ohikoagoa da ikertzaileak zientzia eta adituak ez diren pertsonak batzeko modu berritzaile eta eraginkorretan aritzea. 

Ezagutza-aditua demokratizatzeko mugimendua hazten ari da. Herritarren alfabetatze zientifikoa hobetzeko erabiltzen diren tresnak sortzen ari da. Horren adierazle, duela gutxi bost emakume ikertzailek (Buslón, Gairal, León, Padrós eta Reale, 2020) argitaratu zuten artikulu zientifikoa dugu: The Scientific Self-Literacy of Ordinary People: Scientific Dialogic Gatherings

Argitalpen horretan, ikertzaileek akademikoak ez diren pertsonen alfabetatze zientifikoa planteatzen dute Tertulia Zientifiko Dialogikoen (TZD) bidez. Ikuspegi komunikatibo zein kualitatibotik abiatuz, hezkuntza-ingurune eta maila sozioekonomiko baxuetako pertsonekin berdintasunezko espazioak sortzen dira artikulu zientifikoak irakurtzeko xedearekin. Helburu nagusia akademikoak ez diren pertsonek osasun-gaietan egin diren aurrerapen berrienak ezagutzea da, berdintasunezko elkarrizketen bitartez ikertzaile eta hezitzaileekin batera artikulu zientifikoak eztabaidatuz. 

Azterlan horren bitartez, ikertzaileek aukera izan dute Tertulia Zientifiko Dialogikoek (TZD) parte-hartzaileengan izan duten eragina aztertzeko. Honako hauek izan dira azterlanean lortu dituzten emaitzak, besteak beste: 

  • TZDek prestakuntza akademikorik ez duten pertsonak ahalduntzen dituzte artikulu zientifikoak irakurtzeko.
  • TZDetan sortzen diren berdintasunezko elkarrizketek eta ezagutza kolektiboak eragin positiboa dute parte-hartzaileen bizitzetan. 
  • TZDetan parte hartzeak, testu zientifikoak ulertzeko aukera emateaz gain, ezagutza erabilgarriak ere sortzen ditu, parte-hartzaileei haien bizitzako hainbat alderdiri buruzko erabakiak hartzen laguntzen dietenak; adibidez, elikadura-ohitura osasungarriak aukeratzeari buruzkoak. 

  • TZD batean parte hartzeak lagundu egiten die parte-hartzaileei informazio zientifikoa eta itxura zientifikoa duten usteak (baina ebidentzia zientifikoek babesten ez dituztenak) bereizten. 

Hortaz, esan daiteke horrelako espazioek ezagutza zientifikoa pertsona guztien eskura ipintzen dutela. Pertsona orok aukera izan beharko luke ebidentzia zientifiko onenak eskuratzeko, azaltzeko, eztabaidatzeko, zalantzan jartzeko zein praktikan jartzeko. Ikerketa horren emaitzek baieztatzen dute Tertulia Zientifiko Dialogikoak aukera paregabea direla horretarako.

Egilea: Ane Olmedillo