COVID-19aren krisiak ekarri dituen erronkak eta zenbait ikasleren desabantailak areagotzeko arriskuak ikusita, Europako Batzordeak (EC ingelesez) ekitateari buruzko txostena argitaratu du 2020ko urrian. Txostenak hezkuntzako autoritateen ardura azpimarratzen du, eta, aldi berean, ekitatea bultzatzen duten egiturak eta politikak aztertzen ditu. Horrekin batera, nazioarteko ebaluazioetan jasotako emaitzak kontuan hartzen ditu, eta, hiru elementu horietan sakonduta, ekitate-maila altuak lortzeko egokiak diren jarduerak biltzen ditu. Europako 37 herrialdeetako 42 hezkuntza-sistema aztertu eta gero, 334 orriko lanak honako hauek eskaintzen ditu: definizio eta adierazleak, hezkuntza-sistemen ezaugarriak, ekitatearen adierazleak eta datu asko.
Nola ulertzen da ekitatea txostenean? Ekitateak bi osagarri biltzen ditu. Alde batetik, inklusioa (ea ikasle guztiek jasotzen duten kalitatezko hezkuntzaren oinarrizko kopurua) eta, bestaldetik, justizia (ea ikaslearen errendimendua ez dagoen lotuta bere jatorri sozio-ekonomikoarekin). Bi dimentsio horiek kontuan izanda, hainbat gako aipatzen dira hezkuntza-sistemetan ekitatea bultzatzeko. Honako hauek, besteak beste:
- Goi-politikako dokumentuetan ekitatea aipatuta ere, ekitate-maila oso anitza da hezkuntza-sistemetan. Europako agiri ofizialetan, ekitatearekin batera, hainbat hitz aipatzen dira: aukera parekatuak, berdintasuna / desberdintasuna, desabantailak, bazterkeriarik eza, arrisku-taldeak, eskola-uzte goiztiarra. Europan, oso ekitate-maila desberdinak daude, bigarren hezkuntzan bereziki, eta sistemen heren batean baino gutxiagotan lortzen da benetako ekitatea (inklusioa eta justizia barne).
- Goi-kalitateko haur hezkuntzaren eskaintzan parte hartzeko mugak badaude. Ikerketen arabera, oso onuragarria da haur hezkuntzan aritzea, ume kaltetuenentzat, bereziki. Hala ere, Europako zenbait sistematan, desabantailan dauden ikasleak gutxiago sartzen dira haur hezkuntzan eta zaintza-zerbitzuetan.
- Diru-babes publikoa funtsezkoa da ekitatea lortzeko, bereziki lehen hezkuntzan. Inbertsio publikoak txikitu ditzake eskolen artean dauden errendimenduen desberdintasunak.
- Eskola moten dibertsitateak bazterkeria akademikoa handitzen du, eta ekitatea txikitzen. Hezkuntza-sistemetan, oreka aurkitu behar da ikasleen beharrei erantzuteko eta ekitatea ziurtatzeko. Zenbaitetan, eskola moten aniztasunak ekartzen du desberdintasun akademikoa.
- Sistemen barruan, eskola aukeratzeko arau desberdinak izateak ekitatea txikitzen du. Europako hezkuntza-sistema gehienetan arauak daude ikasleak eskaintza publikoan aritzeko etxetik hurbil, lehen hezkuntzan bereziki.
- Derrigorrezko hezkuntzan, ikasleak onartzeko irizpide akademikoak erabiltzeak ekitatearen murrizketa dakar. Hezkuntza-sistema gehienetan, goiko autoritateak jartzen ditu ikasleak onartzeko irizpideak, eta nolako irizpideak onartzen diren definitzen du. Irizpide akademikoak erabiltzeak (adibidez, lehen hezkuntzan lortutako emaitzak) korrelazioa dauka segregazioarekin eta jatorri sozioekonomikoaren eraginarekin.
- Ibilbide goiztiarrek oso eragin negatiboa dute ekitatean. Ikasleak ibilbide batean edo bestean txikitatik kokatzeak ondorio negatiboak ditu hezkuntzaren ekitatean. Bost aukeraketa mota aurkitu dira Europako sistemetan. Batzuetan oso goiz egiten da ibilbide-banaketa hori (10-12 urterekin), eta beste batzuetan geroago (15-16 urterekin). Ibilbideetan ikasleak goiz kokatzea lotuta egoten da jatorri sozioekonomikoaren eraginarekin.
- Maila errepikatzeak, nahiz eta nahiko ohikoa izan, ekitatearen murrizketa dakar bigarren hezkuntzan. Maila errepikatzeak arrakala handitu dezake errendimendu handiko eta errendimendu txikiko ikasleen artean. Horrez gain, jatorri sozioekonomikoaren eragina areagotzen du.
- Eskola-autonomia mugatua da eredu zabalena Europan. Eskola-autonomia handiak kalitatearen alde nabariak ekar ditzake eskola desberdinetan, eta, ondorioz, ekitaterik eza.
- Eskola-erantzukizuneko tresnen erabilera oso anitza da sistemetan. Erantzukizuna edo “kontuak ematea” nahiko zabalduta dago Europako hezkuntza-sistemetan. Zenbaitetan, ikasleen emaitzak erabiltzen dira tresna gisa (ebaluazioen bidez), eta beste batzuetan ikastetxeen emaitzak (kanpo-balorazioen bidez).
- Hezkuntza-sistemen laurdenak bakarrik erabiltzen ditu irtenbide mota asko desabantailan dauden eskolei laguntzeko. Hiru aukera daude eskolen arteko aldeak murrizteko: ikastetxeen ezaugarri sozioekonomikoetan dauden orekak konpentsatzea, desabantailan dauden ikastetxeei laguntza ematea, eta irakasle bikainak animatzea halako ikastetxeetan lan egiteko.
- Emaitza baxuei erantzuteko irakasle espezializatuak izatea oso lotuta dago segregazio akademiko txikiarekin, bigarren hezkuntzan. Europako hezkuntza-sistema gehienetan badaude psikologoak (edo antzeko profesionalak) emaitza baxuak dituzten ikasleei laguntza emateko. Hala ere, irakasle espezializatuak oso urriak dira.
- Jarduera osagarriak, eskolaren jardunalditik kanpo edo oporretan, ezohikoak dira Europako eskoletan. Europako ikastetxeetan alde handiak daude egutegietan, eta, gainera, ikastetxeen erdietan bakarrik ematen dira diru-laguntzak jarduera osagarriak egiteko.
- Segregazio handia duten sistemek ekitate-maila baxuagoa dute, bigarren hezkuntzan bereziki. Ikasleak lehen hezkuntzan lorpen akademikoen arabera sailkatzea lotuta dago bigarren hezkuntzako errendimendu txikiarekin.
Txosten mamitsu horretan ikusten denez, denon esku dago desberdintasunak detektatzea, politika eta praktika justuagoak diseinatzea eta, etika ardatza izanda, ikasle guztien garapen pertsonala eta akademikoa ziurtatzea.
Egilea: Jon Salinas Elorza