Orain arteko ikerketen arabera, badakigu nagusiok zigorrak ezartzerakoan bi motibo nagusi egoten direla tartean. Batetik, egindakoaren mendeku gisa edo merezitakoa bueltatzeko (erretributiboa), eta, bestetik, ikaspen bat emateko, hau da, gaizkilearen jarrera aldatzeko asmoz (konsekuentzialista). Badira pentsatzen dutenak umeek krudelkeriaz jokatuko luketela baldin eta zigortzeko aukera izango balute. Yale Unibertsitateko ikertzaile-talde batek ikerketa baten berri eman du. Nature Social Behaviour aldizkarian argitaratu da. Ikerketa horretan, haurren motibazioak zein neurritaraino izan daitezkeen erretributiboak edo kontsekuentzialistak frogatu nahi izan dute.

Horretarako, artelan bat apurtzen zuen ume bat erakusten zion ikertzaileak beste ume bati, eta, ondoren, zigorra (Ipad bat kentzea) merezi zuen galdetzen zuen ikertzaileak. Hala ere, zigorrak kostu pertsonala izango zuela ohartarazten zuen ikertzaileak: beste umeak ere, artelana apurtu ez zuenak, Ipad-a erabiltzeko aukera galduko zuen zigorra ipiniz gero.

Gainera, haurrak bi taldetan banatu zituzten: batzuei esaten zitzaien zigorra azalpenik gabe emango zela, eta beste taldeari, aldiz, azalpenak emango zitzaizkiola gaizkileari. Azken aukera hori kontsekuentzialismoari lotuago dago.

Umeek bi eratako zigorrak ezarri zituzten, nagusion antzera, baina, zigor komunikatiboaren aukera askoz ere gehiagotan hautatu zuten (% 26 gehiago). Horrenbestez, ondorioztatu dezakegu umeek zigorrak ezartzeko orduan ez dutela soilik mina sortu nahi maltzurrengan, gehienetan zigorra ikaspen bat emateko asmoz ezartzen dute. Etorkizunean horrelakorik ez gertatzeko zigortzen dituzte, alegia. 

Aurkikuntza horrek erakusten digu ikasleak, arauak ipintzeaz gain, zigorrak edo ondorio negatiboak ezartzeko gai direla gelako giroa hobetzeko asmoarekin, eta ez soilik mendeku gisara. Beraz, esan dezakegu 4 eta 7 urte bitarteko umeek gelaren kudeaketa demokratiko eta dialogikorako oinarri psikologiko nahikoa dutela frogatutzat jotzen dela.

Egilea: Gontzal Uriarte