Azaroaren 20a haur guztiak babesteko, seguru haztea lortzeko eta eskubide berberak bermatuak izateak duen garrantzia gogorarazteko eguna da, arraza, jatorria eta erlijioa edozein direla ere. Egun horretan, Haurren Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren (1959) eta Haurren Eskubideen Konbentzioaren (1989) onarpenaren urteurrenak ospatzen dira.

Egun hori aurten bereziagoa da, Haurren Eskubideen Konbentzioaren 30. urteurrena betetzen baita. Konbentzio horrek, nazioarteko itunetan unibertsalenak, zenbait eskubide ezartzen ditu haurrentzat, besteak beste, bizitzari, osasunari eta hezkuntzari, jolasteko eskubideari, familia-bizitzari, indarkeriaren eta diskriminazioaren aurkako babesari eta haien iritziak entzuteari buruzkoak. Egun horren harira, ikastetxe askok haurren eskubideak ospatzeko ekitaldiak antolatzen dituztela kontuan hartuz, Save the children erakundeak zenbait baliabide jartzen ditu ikastetxeen eskura eskubide horiek ikasgelan ezagutarazteko, eta urtero sustatzen duen haur ahulenen aldeko lasterketa solidarioa ospatzeko, baita Covidaren testuinguruan ere.

Haurren Eskubideen Konbentzioa onartu zenetik igaro diren 30 urteetan, lorpen handiak izan direla azpimarratu behar da. Esaterako, lehen hezkuntzara joaten ez diren haurren kopurua ia % 40 murriztu da, nahiz eta munduko eztanda demografikoa gertatu den; garapenean atzerapena duten bost urtetik beherako haurren kopurua 100 milioi murriztu da; egunero ia 1.000 haur geldiarazten edo hiltzen zituen poliomielitisaren kasuen % 99 desagerrarazi egin da. Aitzitik, pobreziaren, desberdintasunen, diskriminazioaren eta distantziaren ondorioz, milioika haur ezin dira urtero hezkuntza-eskubideaz baliatu, nahiz eta teknologia digitalaren eta mugikorraren gorakadak eta beste berrikuntza batzuek erraztu eta areagotu egin duten eskuragarritasun zaileko komunitateetan funtsezko zerbitzuak emateko eraginkortasuna, eta  aukerak zabaldu dituzten. 

H. Forek, UNICEFeko zuzendari exekutiboak, etorkizuneko belaunaldientzat kezkatzeko eta  itxaropentsu egoteko 8 arrazoi partekatzen ditu munduko haurrei idatzi dien gutun irekian: 

  • Zuek ur garbia, aire garbia eta klima segurua behar dituzue. 
  • Oso litekeena da zuetako lautik bat gatazka- eta hondamendi-eremuetan bizitzea eta heztea. 
  • Osasun mentalaz hitz egitea onargarria izan dadin lortu behar dugu. 
  • 30 milioi gaztek baino gehiagok beren jaioterritik emigratu dute. 
  • Milaka ez zarete inoiz ofizialki existituko, jarduten ez badugu behintzat.
  • XXI. mendeko trebetasunak behar dituzue XXI. mendeko ekonomiarako. 
  • Zure aztarna digitala babestu behar da.
  • Historian konfiantza gutxien duten herritarren belaunaldikoa izan zintezke.

Egilea: Laura Alvarez