Portugalen, Covid-19aren pandemiak eragindako eskolen itxierak erronka handiak ekarri zituen: nola ziurtatu inor atzean ez geratzea? Nola sustatu gurasoen parte-hartzea? Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak nola eraman litezke aurrera presentzialtasuna posiblea ez denean? Bada, Boa Agua eskolen taldeak erronka horiei nola aurre egin dien azaldu du European Toolkit for Schools webgunean.

  1. urtean INCLUD-ED proiektuan parte hartu eta gero, Boa Aguan erabat aldatu zen eskolaren inguruan zegoen kontzeptua. Komisio Mistoak, Talde Elkarreragileak eta Tertulia Dialogikoak eskolaren errutinan integratuta zituzten, eta ikasgeletan boluntarioen presentzia ugaria zegoen. 

Eskolen itxiera-agindua heldu zenean, hori guztia mantendu nahi izan zuten: boluntarioekin, WhatsApp talde bat sortu zuten haiekin komunikatzeko; irakasleek bideo-deiak egiteko plataformak bilatu zituzten; gurasoek elkarri lagundu zioten, baita irakasleek ere. 

Izan ere, gurasoek irakasleei eman zieten laguntza oso garrantzitsua izan zen. Adibide moduan, familiak ingeles-irakasleari ordenagailu bat emateko mobilizatu ziren. Gainera, gurasoek aholkuak partekatu zituzten irakasleekin Liburutegi Tutorizatuan. Sara Allen irakasleak azaldu zuenez, “Ama batek artxiboak nola deskargatu eta estekak nola zabaldu azaldu zidan. Eskerrak lagundu zidala… Oso zaila zen”. Bestalde, elkarri ere lagundu zioten gurasoek, ordenagailuak konponduz, aholkuak emanez eta, batez ere, laguntza emozionala emanez, bakarrik ez zeudela sentiarazteko. 

Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak online egiten hasi ziren. Besteak beste, Tertulia Dialogiko Literarioak egiten jarraitu zuten, “Ali Baba eta 40 lapurrak”, “Munduari bira 80 egunetan” eta antzeko liburuekin. Tertulia Dialogiko Artistikoak ere egin zituzten Haur Hezkuntzako umeekin, familien parte-hartzearekin. Irakasle batek honako hau esan zuen: “Konturatu naiz gurasoak harrituta geratu ohi zirela umeak esaldi osoak eta esanahi indartsuarekin egiteko gai zirela ikustean”. Aitzitik, ikasgelako asanbladak, Ausarten Kluba erabiliz, forum bihurtu dituzte online espazioan. Laguntza-harremanak sortu izan dituzte familia, irakasle eta ikasleen artean.

Amaitzeko, irakasle eta familien artean hainbesteko harremanik inoiz ez dela egon azaldu dute. Izan ere, guztion esfortzuak umeen ongizatera bideratuta daude. Hala, eskola-komunitateak behin amestu zuen eskola lortzeko bidea ez da gelditu.